Udalbiltza Oiartzungo Udalera atxikitzea onartu dute
Uztaileko osoko bilkuran onartu zuten Udalbiltzaren eskakizuna. Egun berean taxi garraioa hobetzeko Erregimen Bereziko Eremua sortzeko hitzarmenari ere argi berdea eman zioten.
1999an sortu zen Udalbiltza, Euskal Herriaren zatiketa administratiboa gainditu eta herri burujabe bat eraikitzeko bidean, lurralde artikulazioa, garapena, udalen arteko ezagutza eta lankidetza instituzionala bultzatzeko tresna gisa. 2022an nortasun juridiko propioa eman zioten, eta ordutik, herri asko batu dira proiektura. Egun 91 udal dira Udalbiltzaren parte.
Estatutuek Oiartzunen finkatu zuten egoitza soziala eta aurrerantzean Oiartzungo Udalera atxikituta egongo dela jakinarazi du Oiartzungo Udalak. Uztailaren 24an egindako osoko bilkuran EH Bilduren aldeko bozkekin onartu zuten Udalbiltzaren eskakizuna. Honakoa gardentasuna areagotzeko harturiko erabakia izan dela azaldu dute, Udalbiltzaren aurrekontuak formalki udal aurrekontuetan txertatuko baitira. Joana Mendiburu alkateak Udalbiltzak Euskal Herri burujabe bat izan dadin egiten duen lan “serio eta ikusgarria” goraipatu zuen.
EAJko zinegotziak, kontrara, abstenitu egin ziren, EUDELek EAEn, NUKFek Nafarroan, eta Euskal Herrigune Elkargoak Lapurdin, Behe Nafarroan, eta Zuberoan dituzten bestelako ahalbiderik ez duela argudiatuta: “sare bat gehiago da gauza berdinerako” esan zuen Rafael Bergaretxek. Gainera, Udalbiltzaren aniztasuna zalantzan jarri zuen. “Patzuergo horretan alderdi politiko bakarreko udalbatza minoritarioak dituzten udalerriak daude, hau da, Bilduren udal batza minoritarioa dutena”.
Hiru elkarteak eta Udalbiltza “osagarriak” direla erantzun zion alkateak, helburu ezberdinak eta funtzio eta eginkizun ezberdinak dituztela gogoratuz. “Udalbiltzak proposamen berri eta interesgarriak luzatzen dizkie udalei, burujabetza pausoak emateko, energia komunitateak eratzeko, edo euskal kultura sortzaileak hauspotzeko” gaineratu zuen.
Bergaretxeren kexari erantzunez, halaber, EH Bilduko udalez gain, udal independenteak eta EAJkoak daudela adierazi, eta “edozein koloretako” udaletara irekita dagoela gogorarazi zuen.
Udalbiltza Oiartzungo udalera atxikitzeko onarpena egiteaz gain, taxi garraioa hobetzeko Erregimen Bereziko Eremua sortzeko hitzarmenari oniritzia eman zioten. Era honetan, aurrerantzean eskari handiko egun eta ordutegietan hurrengo udalerrietako taxi guztiek izango dute zerbitzua emateko aukera: Donostia, Andoin, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta, Lezo, Pasaia, Oiartzun eta Errenteria.