San Inazio Eguneko kontzertuan, Euskal Etxeak gonbidatu berezi
Argentinako Necoechea herriko eta Parisko Euskal Etxeak dira aurtengo gonbidatu bereziak, Aitor Albistur bertsolariarekin eta Arkaitz Miner gitarra jolearekin batera. Herriko plazan izango da emanaldia, bihar, 22:30ean.
Errenteriako Musika Banda aurtengo denboraldiaren lehen zatia bukatzear dago eta San Inazio Eguneko kontzertuak horixe bera markatuko du. Bihar (hilak 31) San Inazio Eguneko emanaldia egingo da Herriko Plazan, 22:30ean.
Gainera, Alain Ayerdi Gurpegik zuzendutako bandak 160. urteurrena ospatuko du biharkoan Herriko Plazako “eszenatoki naturala” baliatuz. Herrian oso errotuta dagoen kontzertua da eta aurtengoan Argentinako Necochea Euskal Etxeko eta Parisko Euskal Etxeko ordezkaritza bana egongo dira kontzertuan.
Urtero bezala, aurten ere gonbidatu bereziak izango dituzte eta Aitor Albistur bertsolaria igoko da oholtzara, Arkaitz Miner gitarra jolearekin eta Iruñeko Ezpelur Dultzainero taldearekin batera. Azken talde hau, Errenteriako Musika Bandak Iruñeko Udaletxeko plazan 2019an emandako emanaldiaren karietara sortutakoa da.