Altzateko lehen eremuko lanekin bukatu dute
Bertaratzeko sarrera irekita dago jada eta aparkalekuak sortu dituzte. Zubia, berriz, datorren urte hasierarako irekitzea aurreikusi du udalak.
Altzateko lehen eremuan eraikitzeko lanak bukatu dituztela jakinarazi du gaur Errenteriako Udalak. Bertako etxebizitzetako jabeek uztailaren bukaeran jaso zituzten etxe berrien giltzak, Lezoko eremukoak, hain zuzen ere.
Etxebizitza horien eraikuntza lanekin, eta inguruko urbanizazio lanekin ere bukatu dutela zehaztu du udalak. Horrez gain, auzo berrira kotxez sartzeko sarrera irekita dago jada, nahiz eta oraindik aipaturiko lehen eremura iristeko balio duen soilik.
Aparkaleku plazak sortu dituzte eta TAO eremua dela adierazita dagoen arren, oraindik ez dagoela zerbitzu hori aktibatuta azaldu du udalak. Errenteriari dagokion eremuan 21 auto aparkatzeko plaza daude, gaur gaurkoz.
Bestalde, Iztieta eta Altzate batuko dituen zubia instalatuta dago jada, baina oraindik ez dago erabilgarri. 2025. urtearen hasieran irekita egotea da udalaren aurreikuspena, eta oinezkoentzat, larrialdientzat eta beste zenbati zerbitzu publikoentzat izango da.