Oiartzungo herri mugimenduko eragile eta militanteek D.E.B.A fanzinea kaleratu dute
Iritzi desberdinak jaso eta herrian eraikitzen diren alternatiba desberdinen ahotsa izateko jaio da. Bihar eguerdian Doneztebe plazan aleak oparituko dituzte.
Iritzi desberdinak jaso eta herrian eraikitzen diren alternatiba desberdinen ahotsa izateko jaio den fanzinea da D.E.B.A. Dagoenari Egokitu ala Borrokara Atxikituren laburdura da. Oiartzungo herri mugimenduko eragile eta militante desberdinek sortu dute; Alternatiben Oi(h)artzuna, Palestinarekiko elkartasun mugimendua dira fanzinea osatzen duten eragileetako batzuk.
Urtean hiru fanzine argitaratuko dituzte. Lehena, 0. zenbakia, abuztuan kaleratu dute eta hurrengoa eguberrietan argitaratuko dute. Bihar eguerdian (12:00etatik 15:00etara) 0. alearen banaketa egingo dute Doneztebe plazan. Hurrengo aleari begira, ordea, banaketa sare bat sortzen ahaleginduko dira.
Fanzinea nahi duen orori irekia dagoela gogorarazi dute sortzaileek, bertan parte hartu nahi duen orok debafanzinea@gmail.com helbidera mezu bat bidali beharko du.