Maitaldia dantza saio irekien jaialdia, Errenterian
Biarritzen sortutako dantza saio irekien jaialdia da, eta Herriko Plazara iritsiko da irailaren 7an. Dantzagunea ordezkatzeko bi pieza hautatuko dituzte.
Dantza zaleek agendan apunta dezatela irailaren 7a: dantza saio irekien Maitaldia jaialdia Errenterian izango da. Biarritzeko Malandain Ballet erreferentziazko konpainiak antolatzen duen jaialdia da, eta Errenteriarako iristeko, Heri Arte Eskolarekin, Gipuzkoako Dantzagunearekin, Errenteriako Udalarekin eta Kukai eta Ereintza dantza taldeekin aritu dira elkarlanean.
Herriko plazan izango dira emanaldi gehienak, irailaren 7ko 17:00etan hasita. Hasteko, ballet barra saioa eskainiko dute, eta parte hartzea irekita egongo da. Ondoren, 18:00etatik 19:30etara, pieza koreografikoen emanaldien txanda izango da.
Eguna Lekuona Fabrikan bukatuko dute, Bach, past, present, future ballet ikuskizuna eskainiko baitu Malandain Balletek. Sarrerak dagoeneko salgai daude orrialde honetan.
Dena den, egitaraua ez dago itxita eta Gipuzkoako Dantzagunea ordezkatzeko bi pieza koreografiko hautatzeko prozesua martxan dago. Deialdi hau irekita dago jada eta hilaren 15era bitartean egongo da zabalik. Proposamenen hautaketa, berriz, hilaren 19tik 23ra egingo dute, eta hautatutako proposamen bakoitzeko 500 euroko diru saria banatuko dute.
Proposamen horiek aurrez sortutako ikuskizun baten zatiak edota piezak izan daitezke. Ez dute zertan lan berria izan behar eta baldin badira ere ez du epaian eragingo. Gaia irekia da, eta edozein dantza edota mugimendu arteen diziplinako proiektuak aurkez daitezke.
Deialdi hau konpainiei, talde egonkorrei, banakako proiektuei eta deialdi honetarako sortutako kolektiboei begirakoa da. Piezaren iraupena, 15 minutukoa behar du izan. Xehetasun guztiak, ondoko loturan eskura daitezke.