Alain Kortabitartek ez du final handira sailkatzerik izan
22 parte hartzailetik 15. egin du errenteriarrak 75,46 punturekin. Olinpiar Jokoetan skatean lehiatu den Euskal Herriko lehen gizona izan da.
Alain Kortabitarte Olinpiar Jokoetan skatean lehiatu den Euskal Herriko lehen gizona izan da. Errenteriarra park modalitatean aritu da eta 12:30ean izan du sailkapen proba. Lehen seriean aritu da eta 22 parte hartzailetik 15. egin du 75,46 punturekin. Soilik zortzi sailkatzen zirenez final handitik kanpo geratu da. Finala gaur arratsaldean 17:30etik aurrera jokatuko da.
Belauneko mina
Gaur eguerdian zuen probaren aurretik, Kortabitartek belaun batean mina zuela kontatu du. BAT Teamek egindako elkarrizketan alboko barne-lotailuan bigarren graduko zaintiratua zuela eta lehiatu aurretik fisioterapeutekin egotekoa zela adierazi du. Baina hala eta guztiz ere, lehiatzeko gogotsu zegoela esan du errenteriarrak.