Begoña Lazkanok finalerdietara sailkatzea lortu du
Piraguista pasaitarra K1 500 metroetan aritu da. Finalerdietara igarotzeko zuzeneko txartela eskuratu ez badu ere bigarren aukeran lortu du aurrera egitea.
Begoña Lazkano pasaitarra Parisko Olinpiar Jokoetan aritu da gaur. Vaires-sur-Marne estadioan ur lasaietako K1 modalitatean (kayak indibiduala) 500 metroko proban parte hartu du.
Goizeko 09:30etan hasi da finalerdietara igarotzeko sailkapen estropada. Lazkano bosgarren seriean aritu da. Irteera ona izan duen arren kontrarioek azkar erreakzionatu dute. Laugarren eginda ez du finalerdietara igarotzeko zuzeneko txartelik eskuratzea lortu, soilik lehen bi sailkatuak igarotzen baitziren.
Gainontzeko guztiak, ordea, final laurdenetara igaro dira. 13:30ean jokatu dira final laurdenak eta aldi honetan, bai, bihar 10:30etan jokatuko den finalerdietan aritzeko sailkapena lortu du. Hirugarren seriean aritu eta laugarren postuan bukatu ditu lanak, 1:53.83ko denborarekin.
Hilaren 10ean, beraz, finalerdietako laugarren seriean arituko da Lazkano. 11:00etan hasiko da haren txanda eta zortzi aurkari izango ditu final handira igarotzeko postuen lehian.