Bukatu da amets olinpikoa
Begoña Lazkano pasaitarra Olinpiar Jokoetatik kanpo geratu da. K1 modalitateko 500 metroko probako finalaurrekoak jokatu zituen joan den larunbatean, finalerako txartela eskuratu gabe.
Bukatu da amets olinpikoa, Begoña Lazkano aurtengo Olinpiar Jokoetatik kanpo geratu da. K1 modalitateko 500 metroko probako finalaurrekoak jokatu zituen joan den larunbatean (hilak 10), baina, tamalez, finalerako txartela eskuratu gabe. Zazpigarren postuarekin konformatu behar izan du pasaitarrak, 1:52.87ko denbora eskuratuta. Emaitza honek lehiatik kanpo utzi du Lazkano, dominarik eta diplomarik eskuratzeko aukerarik gabe alegia.
Egindakoarekin “pozik” dagoela aitortu du pasaitarrak: “Sentsazioak onak izan dira, pozik geratu naiz. Banekien finalaurrekoetan gauzak estu egongo zirela, jende oso ona zegoen. Saiatu naiz baina ezinezkoa izan da. Pena handia ematen dit, baina hau horrela da. Batzuetan ez duzu lortu nahi duzun emaitza lortzen, egindakoa aztertzea tokatzen da orain eta ikasi”.