"Doluminik sentikorrenak" Frantziako Alpeetan zendutako eskualdeko bi gazteei
Lezoko eta Oiartzungo alkateek "hunkituta eta bihotza uzkur" jaso dute albistea. Dolumin mezua bidali diete gazteen senide eta hurbilekoei.
Albiste tristeak heldu ziren atzo Frantziako Alpeetatik. Lezoar bat eta oiartzuar bat hil ziren arratsaldean, Mont Blanc du Tacul mendian. Tontorretik jaisten ari zirela istripua izan zuten, Gervasutti bidean rappel egiten ari zirela. Haiekin zen beste oiartzuar gazte bat bizirik atera zen. 26 eta 27 urte zituzten zendutako bi gazteek.
Lezoko zein Oiartzungo alkateek X sare sozialaren bidez doluminik sentikorrenak bidali dizkiete bi gazteen senide eta lagunei. “Albiste lazgarria Mont Blanc ingurutik Lezora iritsi zaiguna. Doluminik sentikorrenak bi gazteen senide eta lagunei. Lurrak goxo har zaitzala”, adierazi du Mikel Arruti Lezoko alkateak. Oiartzungo alkate Joana Mendiburuk “oso hunkituta eta bihotza uzkur” jaso zuen albistea atzo: “Gobernu talde osoaren izenean doluminik sentituena adierazi nahi diet oiartzuar gaztearen sendiari eta hurbileko lagunei”.
Oiartzungo Udalak heriotzengatik “atsekabea” adierazi ohar batean. Hemen irakur daiteke osorik.
