Hurrengo urtera arte!
Joan den uztailaren 1ean Euskal Herrira iritsitako haur sahararrak euren herrira itzuli dira. Atzo, oporretako azken egunean, festa egin zuten Donibanen.
Uda zoriontsu eta baketsu bat izan ondoren, Saharatik heldutako haurrak etxera itzuli dira. Atzo, “agur” baino, “hurrengo urtera arte” esan zieten gure eskualdera etorritako haurrei. Pasai Donibanen egun osoko festa egin zuten. Panel handi bat margotu zuten auzolanean haurrek eta gurasoek, Naroa Zabaletarekin. Bazkaria eta jolasak izan ziren, giro ezin hobean igaro zen oporraldiko azken eguna.
Joan den uztailaren 1ean heldu ziren haurrak Saharatik, basamortuko berotik eta gerratik ihesi. Bixi-Bixi bezalako elkarteek sustatzen duten Oporrak Bakean programari esker, uda honetan 3.000 haur jaso dira Euskal Herrian.