Heltan izena emateko epea astelehenean hasiko da
Ikasturte berrirako 22 ikastaro prestatu dituzte Heltakoek. Aurrematrikula online zein aurrez aurre egin ahalko da irailaren 2tik 10era.
Oiartzungo Helduen Tailerrak (Helta) iaz izan zuten arrakasta ikusita, aurtengorako eskaintza zabaltzea erabaki dute antolatzaileek, eta 22 ikastaro antolatu dituzte ikasturte berrirako. Zehazki, hauek dira eskaintzen dituzten ikastaroak: ariketa mentala, bertsolaritza, ehoziria, egur-taila, euskal dantzak, gimnasia, gitarra, joste-lanak, luzaketak, margolaritza, patchwork, pilates, pilates terapeutikoa, Tai Chi, yoga, zaharberritzea, dantza latinoak, masajea, hipopresiboak, dantza ilaran, zeramika eta barreterapia.
Aurrematrikula epea astelehenean (irailak 2) zabalduko da, eta irailaren 10era bitartean egongo da izena emateko aukera. Aurrematrikula aurrez aurre egiteko epea irailaren 6an amaituko da, eta horretarako Karaez kaleko lokalera joan beharko dute interesdunek 10:00etatik 12:00etara edo 17:00etatik 19:00etara. Haatik, tramitea online egiteko aukera irailaren 2tik 10era egongo da Heltaren webgunean.
Antolatzaileek aurreratu dute jende asko apuntatzea aurreikusten dutela, eta, beraz, talderen batean jende gehiegi balego Oiartzunen erroldatutakoek eta 55 urtetik gorakoek izango luketela lehentasuna.
Tailerrek 85 euroko prezioa izango dute oiartzuarrentzat; 115 eurokoa, aldiz, gainontzekoentzat. Irailaren erdialdera argitaratuko dute onartutako pertsonen zerrenda, eta orduan egin beharko da ordainketa.
Ikastaro bakoitzaren informazio zehatza ikusteko, egin klik hemen.