Autokontsumorako instalazioa jarri dute Karmengo Ama ikastetxean
173 plaka fotovoltaiko jarri dituzte teilatuan. Lortutako energia elkarbanatu egingo dute, hainbat udal erakinen artean kontsumituko da.
Larrialdi klimatikoari aurre egiteko pausu berri bat eman du Pasaiako Udalak. Karmengo Ama ikastetxean energia iturri berriztagarrietan oinarritutako sistema bat jarri dute: instalazio fotovoltaiko bat. Abuztuan zehar egin dituzte lanak, eta orotara, 173 plaka jarri dituzte. Bakoitzak 495W-ko potentzia du. Urtean 88.422 kWh-ko energia sortuko dute panelek, hori aurreikusi du udalak.
Lortutako energia elkarbanatuko egingo dute, hainbat udal eraikinen artean kontsumituko da bertan ekoiztutako energia elektriko hori. Soberakinak badaude, energia sare orokorrean txertatuko dira.
Iraitz Pazos Ingurumeneko eta Zerbitzu, Sare eta Mantentze lanetako zinegotziaren arabera, “beste urrats bat eman dugu jasangarritasunaren arloan, larrialdi klimatikoari egokitzeko eta aurre egiteko”. Energia trantsizio hau “funtsezkoa” dela nabarmendu Pazosek: “gainera, legeak administrazio publikoari ezartzen dizkion helburuen baitan dago”, erantsi du.
Orotara, 53.362,08 euroko inbertsioa egin dute. Europar Batasunak finantzatutako proiektua da eta udalak 51.436,00 euroko diru laguntza jaso du egitasmorako.