Bizitza arriskuan, halabeharrez
Azken lau hamarkada luzeetan asko izan dira Gaintxurizketako errepideetan hil direnak. Iazko urte hasieratik zazpi hildako izan dira. Enegarrenez, «urgentziazko soluzio bat» exijitu dute auzotarrek.
Abuztu hasieran izan zen azkena, zerrenda ilun bezain luze baten azkena. Hilaren 5ean emakume batek bizia galdu zuen Gaintxurizketako errepidean, auto batek harrapatuta. Ezbehar honekin zazpi lagun izan dira azken urte eta erdian eremu honetan autoarekin lotutako istripuetan hil direnak.
Hilgarria da bide hori, zalantza izpirik ere ez da. Hamarka lagun hil dira GI-636 errepidean azken hamarkadetan, gora zein behera, oinez, autoz zein bizikletaz, ezin konta ahala hildako eta istripu gertatu dira. Arriskuz betetako bidea da, egunerokoan gainditu beharreko oztopoz jositakoa. Egunero bizia arriskuan jartzen dute auzoko bizilagunek eta inguru horretan lan egiten duten lagunek.
Lehen heriotza gertatu zenetik 45 urte pasatu dira, eta gauzak hobera egin baino, «okerrera» egin dutela aipatu diote hitzari bertako bizilagunek. Mahaiaren bueltan euren ezinegona plazaratu dute denek, haserrea eta inpotentzia sumatu dakieke. Kokoteraino daude, nazkatuta. Urgentziazko soluzio bat galdegin dute enegarrenez, eta mobilizatzen hasiko direla jakinarazi dute. Behin betiko irtenbide bat lortu arte, ez dute amorerik emango, argi dute hori denek.
Gaintxurizketako segurtasun eza ez da albiste berria, hori nabarmendu du Asensio Biaña auzotarrak. «Urte luzetako borroka da hau, orain dela 22 urte aldundian erregistratutako eskaera-dokumentuak ditugu hemen eta ez digute jaramonik egin ordutik, haien eskumena denean. Lehen hildakoa orain dela 45 urte izan zen, ni ume kozkorra nintzela, ez dut sekula ahaztuko. Ordutik, asko izan dira, gehiegi», esan du, amorruz.
Biañak aipatutako dokumentu horretan aldundiaren erantzun bat jaso zuten 2002an auzotarrek, epe ertain-luzera irtenbide bat bilatuko zutela hitz emanez, «urgentziaz», aldundiaren erantzun horren arabera. Ordutik eskaera eta dokumentu gehiago aurkeztu dituzte auzotarrek eta Salva enpresak. Are gehiago. Don Bosco ikastetxeak, joan den urtean errepidean zendutako Joana de Almeida ikaslearen heriotzaren harira, proiektu oso eta egingarri bat aurkeztu zuen aldundian, oinezkoen mugikortasuna bermatuko zuena puntu guztietan, pasarela eta guzti. Baina, honi eta gainerako guztiei jaramonik egin ez diotela salatzen jarraitzen dute auzotarrek. «Hitzetan geratu da dena. Eta ez da ez garela mugitu».
Puntu ilunak
Puntu ilunez jositako eremua da Gaintxurizketa. Inguruko errepideetan ez dago oinezkoentzako inolako azpiegiturarik, ezta pasabiderik ere. Auzoa banatzen duten zenbait zutabe atzeman daitezke: GI-636 errepidea, Euskotreneko zein Renfeko erraiak –errepidez inguratutako irla baten itxura duenak–, eta Lezotik Gaintxurizketara doan GI-2638 errepidea. Guztietatik sartu zein irteteko ez dago inolako oinezkoentzako azpiegiturarik, ezta batetik bestera pasatzeko ere, inolako pasabiderik.
Bi autobus geltoki ditu auzoak Gaintxurizketa gaineko biribilgunean, horiek ere puntu ilunak dira. Izan ere, horietara heltzeko ere ez dute biderik eraiki, errepidearen ubidetik jo behar dute herritarrek. «Errepidetik joan behar dugu, bizitzak arriskuan jarriz. Bi alaba txiki ditut eta topora joateko kotxean goaz. Are gehiago. Autobus geltokira oinez joatea ez dut planteatu ere egiten. 17 urteko iloba egunero kotxean eraman behar dugu 100 metrora dagoen jatetxera, errepidetik joan behar duelako bestela. Autoz mugitzera behartuta gaude», esan du Amaia Jorge bizilagunak. Lezotik Gaintxurizketara doan errepidearen egoera ere «ikaragarria» dela dio kezkati, egoera ia berbera dela han. Lezora doan bide horretan ere, ehunka metrotan, ez espaloi, ez zebrabide, ezta semafororik ere.
Urgentziazko soluzio bat
Gezurra badirudi ere, asko eta asko dira zentzugabekeria hau pairatzen dutenak egunero. GI-636 errepidean jarri dute fokua bereziki auzotarrek, milaka eta milaka auto pasatzen baitira bertatik, eta urtetik urtera jarioak gora egin du. Bertan arriskua areagotu egiten dela diote ondoan bizi direnek, eta han eman direla heriotza eta istripu gehienak. Are gehiago, Irunerako noranzkoan errail berri bat egin dutela aipatu dute maiz auzotarrek. «Oinezkoentzako bide bat egin beharrean errail berri bat egin dute. Eta ondorioz, autoak lehen baino askoz ere azkarrago doaz, aurreratzeko erabiltzen baitute ezkerreko erraila. Errail hori ja kendu behar da, erokeria da», dio Biañak. Horri lotuta, eta premia nagusi bezala, alde batetik bestera pasatzeko pasarela bat exijitu dute denek, hor baitago arrisku gehien, eta hor ematen baitira istripu lazgarri gehienak.
Pasarela hori beharrezko duten beste batzuk Salva enpresako langileak dira. Haien izenean Iñigo Legorburuk hitz egin du: «Salvan 170 lagun bat gara eta guztiak gai honekin oso sentsibilizatuta gaude. Lankideak hil dira errepidea gurutzatzen». Gogorarazi du 2008an hasi zirela berehalako irtenbide bat eskatzen, segurtasuna bermatzeko asmoz, eta hamasei urteren ondoren oraindik ere topotik jaisten den jendeak 20 minutu ematen dituela errepidea zeharkatzeko. «XXI. mendean hori gertatzea latza da; ezin da onartu bizilagun edo langile batzuk egunero errepide hori pasatuz bizia jokoan jartzea. Bertako bizilagunek hiru errepide pasa behar dituzte, segurtasun baldintzarik gabe, autobus bat hartzeko… Ikaragarria da».
Auzotarrak jakitun dira, proiekturik iristen bada, luze joko duela aferak, eta ez dutela soluziorik izango epe motz-ertainean. Horregatik, behin-behineko pasarela bat jartzeko premiaz aritu dira auzotarrak, Euskotreneko geltokiak berritzen dituztenean erabiltzen duten horietako bat, esaterako. «Egingarria da erabat», erantsi du Legorburuk.
Bide zaharra berreskuratu
Perrenera joateko bide zaharra berreskuratzea ere behin baino gehiagotan errepikatu dute hedabide honekin bildutako auzotarrek. Garai batean Perrenera igo eta jaisteko bide seguruena zela diote, Muebles Rey-ren parean zuen sarrera. Auzolanean egin zuten bide hori auzotarrek, goiko biribilgunetik behera errepide nagusitik egitea baitzen aukera bakarra. Behin-behinean bada ere, hura txukuntzeko, argiztatzeko eta baldintza egoki eta seguruetan jartzeko eskatu dute ere. Eta bide batez, autobus geltokietara iristeko oztopoak ikusirik, Perreneko bideko eremu horretan bi geltoki jartzeko eskatu dute, «tren geltokia eta autobusarena batera egon daitezen».
Iazko urtarril hasieran Gaintxurizketan bizia galdu zuen horietako bat Joana de Almeida gaztea izan zen, auto batek harrapatuta hil zen. Haren ama Julia Gomesek bihotzetik hitz egin du. «Nire alaba epaitu zuten, gaua zelako eta errepidetik ezin zuelako joan. Ez dagoenean inolako biderik ezta argirik ere! Errudun bezala epaitu zuten, pasatzera behartuta gauden toki batetik joategatik», esan du, atsekabez eta inpotentziaz beterik.
Ainhoa Enciso ere, guraso bezala, beldur horren lekuko eta pairale izan da urte luzez: «Gertaera hain gogor baten ondoren, soluzioak bilatu beharrean aitzaki bila ari dira. Heriotza bat justifikatzen ari dira. Pasarela batek diru asko balio duela entzuteak min ematen du. Eta zenbat balio du bizitza batek, bada?», dio, honek ere haserre.
Haren semea da Eneko Balda, Perrene inguruan bizi da gurasoekin. «Batxilergoa Errenterian egin nuen eta egunero goizetan topora joaten nintzen, eta gogorra zen. Gainera, goizeko lehen orduetan ez dago ia argirik, ez baitago eremua ongi argiztatuta. Bizikletaz ibiltzen naiz ia egunero eta erokeria da hemendik ibiltzea. Ez dago inolako bidegorririk Hondarribia edo Irundik hona, eta errepidetik bidaltzen gaituzte, hemen dagoen arriskuarekin egiten dugu topo egunero asko eta askok».
Orain, protesta fasea abiatu dute auzotarrek zein Salvako langileek. «Erantzunak ezin du izan garestiegia dela, edo teknikoki egingarria ez dela… Bizia jokoan jartzen ari da jendea. Zerbait esan behar dute, gustuko izango dugun ez dakit, baina honek ezin du berriro gertatu», erantsi du Biañak.
Udala, aldundiaren zain
Lezoko Udalak ere gertutik bizitu ditu azken hamarkadetan izandako istripuak. Auzotarrekin bilerak izan dituzte, eta haien bozgorailu izaten ari da erakundea. Lezoko alkate Mikel Arrutik aitortu du «herriak duen puntu iluna» dela Gaintxurizketa. «Egoera oso-oso txarra da, oso arriskutsua. Soluzio bat eman behar zaio, berehalakoa».
Aginte makila eskuratu zuenetik auzotarren kezkak entzun eta aldundiari helarazi dizkio Arrutik. «Jaurlaritzak errepideen azterketa bat aurkeztuko zigula esan ziguten aldundian, eta uda honetan aterako zutela ondorioa», erantsi du. Hala ere, orain arte ez dutela azterketa horren ondoriorik ezta proposamenik jaso esan du alkateak. Orain, hitzarmen bat sinatzekotan daudela azaldu du. «Aldundia, ETS, Adif eta Lezoko Udalak hitzarmen bat sinatu dezagun lanean ari gara, guk jada onartu dugu. Aldundiaren proposamena ongi iruditu zitzaigun, nolabait onartzen baitute arazo bat dagoela. Baina, ez da ezer konkreturik egin, ez dugu konpromiso zehatzik jaso», dio, atsekabez. Aldundiak hitzarmen hori sina dezan zain jarraitzen du udalak. «Aldundia ere prest omen dago sinatzeko, baina ETS eta Adifen zain gaude».
Arrutik aitortu du hitzarmen hori «ongi» dagoela, baina honako gogoeta bota du: «Bitarte horretan zer? Don Boscok egindako proiektuaren harira, aldundiak oinezkoentzako pasarela bat egiteko aurreproiektu moduko bat aurkeztu zigun, baina honek ere ETS eta Adifen baimena behar du. Guzti horren baimenaz gain, exekutatu beharko da, aurrekontu bat egin… Horrek guztiak suposatzen duen denborarekin». Proiektu hori onartuko balitz, «urteak» pasa daitezkeela dio Arrutik, eta udala ez da horrekin konformatuko. «Proiektua egin arte arriskuak hor jarraituko du. Urgentziazko zerbait behar da».
Azken bileretan udalak behin-behineko pasarela bat jartzeko eskaera egin zuela kontatu du Arrutik, eta udalak konpromisoa hartu duela pasabide horretara eta gainerako garraio publikoetarako oinezkoentzako bideak egiteko. «Gure lana hemen bide seguru bat egitea da. Baina errepidea aldundiarena denez, urgentzia hori eskatzen dugu. Guk gure ardura asumitzen dugu, baina gainerako erakundeek eman behar dute pausoa lehenik».
Aurki (datozen egun edo asteetan) Arrutik beste bilera bat izango du Felix Urkola diputatuarekin. Beste behin, urgentzia hori planteatuko diote aldundiari. «Entzun nahi dugu zein urrats egin nahi dituzten eta ezin gara behin betiko pasabide horren zain egon. Bitarteko soluzio bat exijituko dugu berriro», gaineratu du.