Atlantikaldiaren jardueretarako izena eman daiteke
Jarduera guztiak doakoak dira, baino Sukaldian, paddle surf, 5 ateen bila eta Errenteriako altxorrak ekintzetan eman behar da izena aurretik.
Atlantikaldiaren barruan antolatutako hainbat jardueretan izena eman behar da eta jakinarazi dutenez, zabalik da horretarako epea. Zehazki, bisita gidatuak, Sukaldian, paddle surf, 5 ateen bila, eta Errenteriako altxorrak azaleratzen ekintzetan eman daiteke izena. Horretarako egin klik hemen.
Kultur Topagune eta Musika jaialdia izatearekin batera, herria modu berezian ezagutzeko eta bizitzeko unea ere bada Atlantikaldia, eta bisita gidatuak horretarako eredu dira. Hilaren 19tik 22ra arte izango dira bisita horiek, euskaraz eta gaztelaniaz, haur eta helduentzat. Besteak beste, Alde Zaharra eta bertako ondarea, bertan egindako lanak eta aurkikuntza arkeologikoak, udalerriko emakume iraultzaileen ekarpena, 1845 eta 1936 bitartean Errenteriak bizi izan duen lehen industria aldia, Fanderiako errota eta ibaiaren interpretazio zentroa eta Errenteriako itsas sustraiak ezagutu ahalko dituzte parte hartzaileak.
Bisita gidatuen zein bestelako jardueren gaineko informazioa hemen klik eginda kontsulta daiteke.
Sukaldian jarduera hilaren 21ean izango da 10:00etatik 13:00etara eta parte hartzaileek Galizia, Ukraina, Pakistan, Turkia, Venezuela, Ijito Herria eta Marokoko errezetak egingo dituzte. Ondoren, pintxo horiez gozatu ahal izango da euro baten truke Foruen Plazako Herrixka gunean. Bildutako dirua Zaporeak elkarteari emango zaio.