Xenpelar AEK berriari jai giroan egingo diote harrera
Herri bazkarirako txartelak salgai daude Xenpelar AEKren euskaltegian bertan eta Arkaitza tabernan, 20 euroan.
Xenpelar AEK euskaltegi berriaren inaugurazioa egingo dute hilaren 14an, larunbata, eta horri begira egitarau oparoa antolatu dute euskaltegiaren bueltakoek. 12:00etan jarri dute zita Xenpelar zaharrean—Biteri 30 kalean— urteetan euskara ikasle eta irakasle prestu mordoaren habi izandako etxeari agur ekitaldia egiteko.
Nafarroa Hiribidearen 67.ean kokatutako lokal berrira joango dira handik, eta mokadutxoak ez dira faltako. Bazkariaren txanda helduko da, ondoren. Koldo Mitxelena ikastetxearen jolastokiak hartuko du herri bazkaria eta hara joateko txartelak salgai direla gogorarazi dute, Arkaitza tabernan eta euskaltegian bertan. Prezioa, 20 euro.
Bazkalostea girotzeaz, berriz, Joxe Leon Amigorena, Ane Badiola eta Irati Odriozola arduratuko dira.