[Erreportajea] Lan ona biribiltzea helburu
Kontxako lehen jardunaldiak erakutsi du Hibaika eta Hondarribia ez direla banderaren lehian izango, baina igandeko sentsazio onei jarraipena eman nahi diete sailkapenean koska bat gora egiteko eta gustura bukatzeko.
Sorpresa gutxi eta gauza argi asko utzi ditu Kontxako Banderaren lehen jardunaldiak. Emakumeetan zein gizonetan pronostiko guztiak bete ziren iragan igandean, eta Arraun Lagunak-ek eta Urdaibaik denboraldi osoan erakutsi duten nagusitasuna agerian gelditu zen Kontxako badian.
Hondamendirik gertatzen ez bada, bi traineru horiek gertu dute Kontxako Bandera preziatua lortzeko aukera. Donostiarrentzat bigarren garaikurra litzateke jarraian, eta bermeotarrentzat, hirugarrena. Arraun Lagunak-ek 9 segundo ateratzen dizkio bigarren postuan den Oriori eta 12 hirugarrenean den Tolosaldeari. Urdaibaik, aldiz, 14 segundoko errenta du bigarren postuan den Zierbenarekiko eta 15 hirugarren den Donostiarrarekiko. Biek ala biek bere egin dituzte Euskotren eta Eusko Label Ligak, eta osatu duten sasoi bikaina biribilduko lukete Kontxako Banderarekin. Gipuzkoako, Bizkaiko, Euskal Herriko eta Espainiako txapeldun ere izan dira, haiek izan dira ezbairik gabe arraun denboraldiko dominatzaile nagusiak.
Oarso-Bidasoko traineruei dagokienean, aurten bi ordezkari ari dira Kontxako Banderaren lehian: emakumeetan Hibaika eta gizonetan Hondarribia. Lehen jardunaldiak erakutsi du biak ala biak ez direla banderaren borrokan izango. Banderaren lehian izango ez badira ere, Iñaki Mendizabal Hibaikaren prestatzaileak eta Mikel Orbañanos Hondarribikoak onartu dute «gustura» daudela iragan igandean egindako lanarekin. Oreretarren prestatzaileak esan du Kontxan izatea «sari handia» izan dela haientzat, eta beren helburua «ahalik eta lan onena» egitea zela: «Uste dut gure maila eman genuela. Helburua lortu dugu eta emaitza ona da». Ama Guadalupekoa-ren prestatzailea ere ildo beretik mintzatu da: «Ikusita uda nola joan den, lan txukuna egin genuen aurkari gogor batzuen kontra. Gure maila onena ematen saiatu ginen, eta uste dut eman genuela».
Hibaika bigarren txandan atera zen faborito askorekin, Madalen ontziak Arraun Lagunak, Tolosaldea eta Donostiarra izan baitzituen bidelagun. Mendizabalek aitortu du beren mailakoa ez zen txanda batean aritu zirela, baina taldea «oso ondo» borrokatu zela. Oreretarrak uneoro atzetik joan ziren, eta txandako azken postuan helmugaratu ziren, garaile izan zen Arraun Lagunak-etik 33 segundora. Horrez gain, aitzakiarik jarri nahi izan ez badu ere, Mendizabalek jakinarazi du bigarren txandan haize pixka bat altxa zela, eta horrek «kalte» egin ziela bai haiei eta baita txandako beste ontziei ere. Sailkapena kontuan hartuta, Hibaika zazpigarren postuan kokatu da, eta lehen txandan irtengo da bigarren jardunaldian Astillero, Chapela eta Kaikurekin. Ohorezko txandan Arraun Lagunak, Orio, Tolosaldea eta Donostiarra aterako dira.
Hondarribia, aldiz, lehen txandan itsasoratu zen Zierbena, Kaiku eta Caborekin. Ama Guadalupekoa bigarren postuan helmugaratu zen Kontxako badian, garaile izan zen Zierbenatik 13 segundora. Bigarren txandan Urdaibai, Donostiarra, Orio eta Getaria irten ziren, eta Bou Bizkaia izan zen ontzi azkarrena, Galipo-en denbora 14 segundotan hobetuz. Sailkapenean, Hondarribia bosgarren postuan kokatu da Bermeoko ontzitik 27 segundora, eta lehen txandan irtengo da Kaiku, Getaria eta Caborekin. Ohorezko txandan arituko diren traineruak Urdaibai, Zierbena, Donostiarra eta Orio dira.
Bigarren jardunaldira begira helburu bertsuak dituzte Hibaikak eta Hondarribiak. Oreretarrak seigarren postuan den Chapelatik 7 segundora daude sailkapenean, eta soilik 36 ehunen ateratzen dizkiote une honetan azkena den Kaikuri. Hori dela eta, Madalen ontziaren helburuak «Chapela harrapatzea» eta «azken bi postuak saihestea» direla adierazi du Mendizabalek. Bosgarren postuan den Astillerok, berriz, 12 segundo ateratzen dizkio Hibaikari, eta prestatzaileak uste du haiei aurre hartzea zailagoa dela, ohorezko txandako traineruen «maila antzekoan» baitago ontzi kantabriarra.
Hibaikaren antzera, Hondarribia sailkapeneko laugarren postuan den Oriotik bi segundora dago soilik, eta Orbañanosi bosgarren postu hori hobetzea gustatuko litzaioke igandean, eskura baitu. Lehen jardunaldiko sentsazioak onak izan zirela aitortu du Ama Guadalupekoa-ren prestatzaileak, eta lan on hori errepikatzea funtsezkoa dela iritzi du: «Lehen igandeko lana errepikatzen badugu, seguru gure aukerak izango ditugula. Baina, aurrena, gure esku dagoena egin behar dugu, eta ikusiko da noraino heltzen garen».
Denboraldiaren balantzea
Udak sutsuak izan ohi dira arraunlarientzat eta klubentzat, eta uda pasata denboraldiaren balantzea egitea egokitzen zaie arraun taldeei. Hibaikak Kontxan bukatuko du 2024ko sasoia, emakumeen Euskotren Liga abuztuaren 18an bukatu baitzen Zarauzko uretan. Hibaikak sailkapeneko seigarren postuan bukatu du ligan, eta goi mailan jarraituko du beste urte batez, jaitsierako play-offa saihestu baitu. Uda hasieran jarritako helburu nagusia aurrera aterata, Mendizabalek adierazi du denboraldia «oso positiboa» izan dela: «Uste dut taldeak oso lan ona egin duela. Ez geneukan iazko taldea, baja dezente izan baititugu, baina fitxaketekin, urtea pasa ahala, asko hobetzen joan gara eta asko ikasi dugu». Sasoia, gainera, Kontxarekin biribildu izanagatik pozik da Madalen ontziaren prestatzailea.
Hondarribiak, aldiz, Kontxa bukatu ondoren, denboraldiko azken bi estropadak jokatu beharko ditu Bermeoko eta Portugaleteko uretan. Liga, azken bi sasoietan bezala, Bermeora joango da, Urdaibaik dagoeneko ziurtatua baitu Eusko Label Liga hirugarren urtez jarraian. Azken txanparen faltan, Ama Guadalupekoa sailkapeneko bosgarren postuan da, eta Kontxan pasatzen denaren antzera, Hondarribia laugarren den Oriotik gertu dago, soilik bi puntu ateratzen baitizkio. Horren aurrean, Hondarribiaren helburua da sasoia «maila txukunean» bukatzea eta «kolokan» dagoen postu horretara iritsi ahal izatea. «Bi estropada on eginez, ea ondo bukatzen dugun urtea», esan du Orbañanosek.
Berdeen prestatzaileak aitortu du uda hasieran «esperantza» zutela zertxobait hobeto ibiltzeko; hala ere ez du uste «horren gaizki» ibili direnik. «Egia da hobeto ibili nahi genuela momentu puntualetan, baina aurkari gogorrak izan ditugu aurten. Haiek zoriontzea besterik ez da geratzen», adierazi du Orbañanosek.