«Norberak aukeratu behar du zer ekarpen egin nahi dion gizarteari»
Zortzi urtez Errenteriako alkate izan ondotik, Julen Mendoza Ko-Garri gizarte berrikuntza aholkularitzan ari da egun lanean. Aitortu du alkatetzan bizi izandako garaiarekin alderatuta lasaiago bizi dela orain.
Gipuzkoako Hitzan argitaratutako elkarrizketa. Oarso Bidasoko Hitzara ekarritakoa elkarrizketaren bertsio luzea da.
Aro berri bat zabaldu zuen Julen Mendoza Perezek (Errenteria, 1978) Errenteriako alkatetzara heldu zenean 2011n, Bilduko kide gisa. Bi agintaldi egin zituen, eta, batez ere, elkarbizitza arloan egin zituen urratsak izan ziren mugarri Errenteriarentzat. 2019an amaitu zuen agintaldia, eta, harrezkero, Ko-Garri gizarte berrikuntza aholkularitzan egiten du lan, «pertsonak konektatzeko inteligentzia kolektibo bat sortzeko eta egungo erronka konplexuei beste modu batean erantzuteko» asmoz.
Arrasto handia utzi duzu Errenterian. Alkatetzan zure eskutik heldu zen aldaketa 2011ko udal hauteskundeetan. Nola oroitzen duzu une hura?
Oso berezia izan zen. Gure herrian gertatutako aldaketak Euskal Herrian gertatu zen aldaketarekin bat egin zuen: ziklo politiko baten gainditzea eta beste etapa baten irekitzea. 28 urtez PSE alkatetzan egon ondoren, Bildu gobernura heltzeko aukera sortu zen. Bazen urteetako amets bat, gertatzen ez zena, eta azkenean gertatu zen. Oso gogorrak izan ziren egun haiek. Bilduren zerrendak legez kanpo utzi zituzten une batez, eta azken-azkenean legeztatu zituzten. Gogorra izan zen kanpaina bera, baita udala eratu arteko hiru asteko tartea ere, gehiengo osorik ez zegoelako eta ez genekielako zer gertatuko zen. Ilusio handiz bizi izan nuen unea izan zela oroitzen dut. Alkate kargua hartu nuen egunetik oroitzen dudana da udaletxe aurrean zegoen jendetza, eta hori ez da inoiz ahazten. Gure herriaren eraldaketa hasi zen une horretan.
Elkarbizitza, kohesioa eta herria egitea izan zenituen lehentasun. Zeuk hasitako bide hori nola ikusten duzu gaur egun?
Aldaketa handia gertatzen ari zen; batzuentzat ez zen sinesgarria, eta beste batzuk konbentzimendu osoa genuen aldaketa horrek bultzada handia behar zuela. Herri berri bat eraikitzera gindoazen, eta horrek ezinbestekoa zuen elkarbizitzan bide berri bat zabaltzea. Gu sinistuta geunden gure ekarpena udal kudeaketatik harago zihoan zerbait behar zuela, eta egiten zena, kokatu behar genuela Euskal Herrian egiten zen horretan. Horregatik abiatu zen elkarbizitzaren bide hori.
Indarkeria politikoaren edo gatazkaren ondorio horiek gero eta lausotuagoak gelditzen ari dira gaur egun, hala uste dut, eta horrek kezkatzen nau. Hemen lan handia egin zen, baina orokorrean uste dut gizarteak ez duela gai hori behar den heldutasunarekin landu ,eta ez dela behar bezala itxi. Zalantzarik gabe denok izango ditugu gertatutakoaren irakurketa desberdinak, baina gutxieneko bat beharrezkoa litzatekeela iruditzen zait. Hutsune bat gertatu dela uste dut. Belaunaldi oso bat pasa da eta orain ziurrenik memoriaren lanketa bestelako bidetik egingo litzateke. Bere momentuan elkarrizketa, konfiantzak sortzeko bidea izan zen. Sekretupean ez, baina modu oso konfidentzial batean gertatu ziren gainera, diskrezioarekin.
Sentitu duzu inoiz Errenteria laborategia izan zela bide horretan?
Nik ez nuen horrela inoiz bizi, baina egia da gure herrian gertatzen ari zirela gauza batzuk atentzioa sortzen zutela gure herritik kanpo. Inoiz ez genuen hortik egin egin genuena; konbentzimendu osoz egin genuen, gure herriak behar zuelako ortzi-muga berri bat, eta hori elkarrekin egin behar genuen zer edozer zen. Iraganeko indarkeria fase horrek ondorio latzak utzi zituen eta eskatzen zigun pausu garrantzitsuak ematea nahi bagenuen zerbait berria eraiki.
Politika humanizatu, komunitatea sortu eta berez urrun izan ziren ideiak bateratzeko saiakera ere egin zenuen.
Testuinguru beraren barruan kokatzen dut guztia. Indarkeria lehen mailan bizi duten pertsonei uzten dizkien ondorioak oso gogorrak dira eta horiek gainditzea ez da batere erraza. Gure herriak bazuen, ez dut esango enfrentamendua, baina bai nolabaiteko eten bat, bizi ginen elkarren ondoan baina ez ginen elkarrekin bizi, toki berean bizi ginen baina ez genituen espazioak partekatzen. Uste genuen hori egin behar genuela, Euskal Herri berri bat eraikitzeko bide horri ekin behar zitzaion batez ere gure herria oso anitza delako bere jatorrietan, eta aniztasun hori areagotzen ari da beste flujo migratorio garrantzitsu batekin. Hori da ziurrenik egun dugun erronka garrantzitsuenetako bat gure gizarteetan, nola heltzen diogun aniztasun zabal horri zentzu eta kohesioa emateko. Nola egiten dugun jende guzti hori herri bateko kideak komunitate baten parte senti daitezen. Identitate kontu batekin zerikusia du. Horrela planteatu genuen eta aldaketa handia suposatu zuen. Gaur egun ere oso nabaria da. Aldaketa handiak eman dira gure herrian eta gaur egun gertatzen diren elkarrizketak oso ezberdinak dira.
Aurretik esan moduan belaunaldi bat dago tartean eta gaur egun sentsazioa dut gazteak ari direla herri berri bat eraikitzen. Orain ziur aski herria beste modu batean garatzen ari da.
Alkatetzara helduta, amestuko zenuen Errenteria bat. Amestu zenuen hartatik gertu da orain?
Bai, gertuago gaude. [Eduardo] Galeanok zioen bezala, utopiak ibiltzeko balio du. Guk utopia bat markatu genuen, eta ibiltzeko balio izan zigun. Norberak aukeratu behar du zer ekarpen egin nahi dion gizarteari. Elkarbizitza, komunitatea sendotzea, herri identitate bat eraikitzea eta Errenteria eraldatzea genituen guk helburu, gure herria gainbehera industrial batetik zetorrelako. Ez zen soilik fabrika batzuk itxi zituztelako; identitatean eta kulturan ere eragiten zuen, gure herriaren ikuspegian eta autoestimuan. Ortzi muga anbizioz eraikitzea genuen erronka. Horretarako, komunitate batu bat sortu behar genuen, horretan hasi ginen, eta Errenteriak bide horretan jarraitzen du gaur egun ere. Agustina zentroak zabaldu berri ditu ateak. Badago ibilbide bat gure herriaren eraldaketan sakontzen jarraitzen duena, ziurrenik 2011ren aurretik gure buruan ez zegoena, orain badagoena eta Errenteria mapan kokatzea lortu duena.
Uste dut indarkeria politikoaren ondorioak gero eta lausotuagoak gelditzen ari direla, eta horrrek kezkatzen nau
Lekuona Fabrika iristea kosta zen. Zer sentitzen duzu orain ikustean?
Buruhausterik handiena ekarri zigun proiektua izan zen; sufritu genuen Lekuona fabrikarekin. Aldundiarekin proiektu bat garatzeko asmoa zegoen, baina horretarako baldintzarik ez zegoela ikusita, proiektua moldatu behar izan zen, obra luzatu, eta tartean bi sute izan genituen. Ilusio piztailea izan zen proiektua, baina baita gogorra ere, energia asko kendu baitzigun. Errenteriaren eraldaketan ikono bat da Lekuona; eraikina baino gehiago, barruan gertatzen dena da ikono. Asko du garatzeko oraindik, eta etorkizunean sorpresa bat baino gehiago emango ditu.
2019ko ekainaren 14a izan zenuen azken eguna alkate. Langileen agurra jaso zenuen, eta astebete aurretik, herritar, eragile eta beste alderdietako ordezkari batzuen agurra ere jaso zenuen. Nola bizi izan zenuen aitortza hori?
Gogoan dut hunkitu nintzen uneetako bat biktimez hitz egin nuenekoa izan zela. Ekitaldi hura niri egindako aitortza baino gehiago, denon artean eraiki genuenaren aitortza gisa sentitu nuen; zortzi urtean gertatu zenaren argazkia izan zen hura.
Azkenean zortzi urteko ibilbidea da, une oso politak izan genituen baina momentu gogorrak ere izan genituen, eta horrela bukatzea oso gauza polita izan zen.
Langileen agurra oso hunkigarria izan zen. Burua zara udaletxe horretan eta bukaera hori, sentitzea, langileek hala agurtzen zaituztela, oso polita izan zen, ziurrenik gauza politenetako bat.
Bi agintaldi horietan zailena?
Zaila egiten zait jakitea zer izan zen zailena. Bizitza profesionalaren eta pertsonalaren arteko oreka mantentzea, ziurrenik. z da denbora kontua; ez dut uste denda zortzietan ixten duen merkatariak baino denbora gutxiago nuenik nik, baina presioa eta kezkak nirekin eramaten nituen. Familia kontziliazioaz ari naiz, zortzi urte horietan ez bainuen deskonektatu. Bukaeran hobe eraman nuen. Ez zen egun bat ez nuena amesten horrekin.
Trebakuntza ontologikoan ari zara gaur egun. Nola heldu zinen horretara?
Alkate lanak bukatu nituenean, nire asmoa zen Pasaiara itzultzea, udal teknikari lanetara. Baina ez nuen neure burua horretan ikusten, eta bat baino gehiago etorri zitzaizkidan aholku eske. Coaching ontologikoan aritzeko beharra ikusi nuen, eta lau urte pasatxo daramatzat horretan lanean, tartean bi urteko formakuntza oso sakona eginda. Gizarte berrikuntzan ari naiz gehienbat; coaching-a adar bat da. Gizarte politiken berrikuntzan jarduten dugu, egungo erronka konplexuei beste modu batean erantzuteko. Coaching-ak asko laguntzen du horretan, inteligentzia kolektibo bat aktibatzeko pertsonak konektatzea delako gure helburua.
Erakunde publikoekin eta enpresekin egiten duzue lan?
Oraintxe bertan, Maraka eta Apitropik enpresekin batera, misioen logika bat garatzen ari gara nazioarteko aditu Mariana Mazzucatuk planteatzen duen metodologian oinarrituta. Erronkak identifikatzen ditugu, eta eragile desberdinak konektatzen ditugu, denbora jakin batean misio batzuk, helburu neurgarri eta lorgarri batzuk betetzeko. Ondoren, ko-sorkuntza prozesuak abiatzen ditugu ideia berritzaileak sortu eta helburu horietara heltzeko. Ideia berritzaileak sortu eta inteligentzia kolektiboa eraikitzeko lanean ari gara. Horrek lan egiteko moduen eraldaketa ere eskatzen du. Rob Hopkins adituak dio gure gaitzik handiena imajinazioa galdu izana dela. Irudimena garatzen saiatzen gara gu.
Fase bat itxi zen nire alkate ibilbidea amaitu zenean, eta orain beste fasean nago”
Lasaiago bizi zara orain?
Bai, bestelako buruhausteak ditut baina ez dira berdinak. Esposizio publikoa ez izateak, badu alderdi nabarmen bat. Orduan presio handiegia sartzen nion nire buruari askotan. Finean, zortzi urtez zaude, baina zure izena betirako geldituko da. Bukatzen duzun moduaren arabera zure izena modu batean geldituko da edo bestean. Orain ez dut presiorik.
Alkate garaiko zerbaiten falta sumatzen duzu?
Pertsonak gure bizitzan zehar ikasten goaz. Alkate garaiak ikaspen handiak eman zizkidan eta horietatik orain beste ikaspen batzuk lortzen ari naiz. Ez dut garai hartako ezeren faltarik sumatzen. Gauza berriak sortu ditudala esango nuke hartatik, eta orduan modu batean ikusten nituen gauzak, egun beste modu batera ikusten ditudala. Politika egiteko modua ere ezberdin ikusten dut orain.
Alkatetza utzi zenuenean, betiko itxi zenion atea politikari?
Ez dakit bihar zer egingo dudan, eta ezin dut halako erantzunik eman, absolutuegia da. Gustura nago une honetan bizitzen ari naizen etaparekin. Uste dut norberak jakin behar duela zer eskaini bizitzari; familia eta lagunetik harago zer ekarpen egin. Gustura sentitzen naiz egiten ari naizenarekin, pozik nago, ase, ikasten ari naiz, eta nire onena ematen. Ez dakit bihar zer gertatuko den, eta ez dakit jakin nahi dudan ere, ez naiz irmoa gauza horietan. Ikusiko dugu zer gertatzen den etorkizunean, baina uste dut fase bat amaitu zela garai hartan, eta orain beste fase batean nagoela. Nork daki; agian, bihar beste fase batean izango naiz.
MOTZEAN
Behin bederen irakurri beharreko liburu bat?
Zaila bakarra aukeratzea. Patrick Radden Keefe idazlearen No digas nada, Toti Martinez de Lezearen La Herbolera, eta Eider Rodriguezen, Eraikuntzarako materiala.
Mugarria izan den une historiko bat?
Irailaren 11ko gertaerak. Horrek markatu zuen munduaren logika ezberdin bat. Orain gaude trantsizio batean ez dakigula oso ondo zer gertatuko den etorkizun oso hurbil batean. Mundu ordenaren logika bat hasi zen garatzen, une honetan eztanda egiten ari dena.
Gustura entzuten duzun musika?
Musika asko entzuten dut eta ezberdinak entzuten ditut. Gazteek orain entzuten dituztenak gustura entzuten ditut, Zetak eta Chill Mafia. Gustatzen zait transgresoreak direlako.
Pentsatzeko leku bat?
Jaizkibel.
Zure herriko txoko berezi bat?
Arramendi, ni Gaztañokoa naiz.
Berezia izan den une bat?
Alkatetzaren bukaera. Horrek pertsona gisa asko lagundu nau.
Gustukoen duzun jaia?
Edozein tokitan egokitzen naiz.
Esaera bat?
Bi bizitza ditugu eta bigarrena hasten da bakarra dugula konturatzen garenean.
Politika edo coachinga?
Biak. Uste dut nik egiten dudan honetan politika dagoela, bizizta ulertzeko modu bat da.
Amets bat?
Oso transzendentala jarriko naiz. Nire amets sakonena, nire bizitza bukatzeko unean gustura egotea egindako ibilbidearekin.
2011ko ekainaren 13an hartu zuen Errenteriako alkate kargua Julen Mendoza Perezek, Bilduko kide gisa, PSEk 28 urtez segidan alkatetza izan ondotik. Irudian, Mendoza, Errenterian, alkate izendatu zutenean, aginte makila esku artean duela.