Santakrutzen ufadaren zain dira lezoarrak
Haizetea espero da Lezon ostiraletik hilaren 16ra. Santakrutz Jaiak datoz, aire askoko ekitaldiz jositako egitarauarekin.
Udako festa nagusien azken haize ufada Lezok jasoko du, ohikoa den moduan. Auzoetako festei errespetuz, Oarsoaldeko azken jai handiak Lezoko Santakrutz Jaiak izan ohi dira. Ostiralean (hilaren 13an) hasiko dira aurtengoak, eta hilaren 16ra arteko epean izango da indarrean festazaleen haizetea. Udalak eta herriko eragileek ekitaldiz betetako ekitaldiak prestatu dituzte, aire guztien zaleen gozamenerako. Aldeko haizetea bahi dute herriko eragileek festetarako; eraso matxisten kontrako haize ustelari aurre egingo diote.
Hilaren 13ko 19:00etan hasiko dira ofizialki festak txupinazoarekin; aurretik, ordea, izan edo izango dira ekitaldiak. Adibidez, beroketa ariketak egin zituzten larunbateko Gazte Egunarekin nahiz Altamirako festekin joan berri den asteburuan hala nahi izan zutenek. Etzi (asteazkena) nahiz etzidamu ere badira ekitaldiak. Baina ostiraleko 19:00 aurrera piztuko da santakrutzen haizagailua, festazaleei ufaka hasteko.
Festen bigarren eguna handiena izango da, Santakrutz Eguna, I-14 Eguna lezoar askorentzat. Bertako unerik gorena kuadrillen arteko topagunea izango da, bazkaria barne (erretiratuak ere mahaiaren inguruan bilduko dira egun horretan). Baina santakrutzetako larunbatean bazkari horiek baino jarduera askoz gehiago izanen dira.
Hilaren 15ean, igandean, ehunka lagunek parte hartuko dute eguerdiko artzain eta inudeen desfilean, eta ez da faltako Josetxo Etxandi XLVIII. oroitaldiko herri mailakoen finalen tartea (federatuena 14an da). Hilaren 16ak baserritar eta euskal kutsua izango du, ganadu feria, idi-proba dema, bertso saio eta abarrekin.
Arestian aipatutakoak festen egitarauaren lagin fin bat besterik ez dira. Ekitaldien zerrenda osoa ikusteko baliatu azpialdeko loturak.
- Lezoko Santakrutz Jaiak 2024. Egitarau osoa (PDF artxiboa jaitsiko duzu hemen klik eginda).
- Lezoko Santakrutz Jaiak 2024. Egunez eguneko egitaraua.
