336 eguzki plaka jarriko dituzte Elorsoron argindarra sortzeko
92.500€ko inbertsioa egingo du udalak plakak jartzeko, eta instalazioak azarorako martxan egongo direla azaldu dute.
Elorsoro kiroldegiko teilatuan 150 kWp-ko instalazio fotovoltaikoa egiteko lanak hasi ditu udalak; autokontsumorako elektrizitate berriztagarria sortzeko erabiliko dute Elorsoroko teilatuaren azalera. Trantsizio energetikorako duen planean urrats garrantzitsua dela dio udalak, orain arte martxan jarri duen instalakuntza berriztagarri handiena izango baita. 336 plaka jarriko dituzte 741 m2-ko eremuan, kiroldegiko elektrizitatea tokian bertan eta modu garbian sortu eta energia burujabetzarako bidean aurrerapausoak ematen jarraitzeko.
Orientazio egokia eta itzalik ez duen tokia denez, eguzki panelek urtean 151.363 kWh sortuko dutela aurreikusi dute, eta azaldu dute Elorsoron erabiliko dela plakek sortuko duten elektrizitate guztia. Bide batez, gehitu dute kiroldegiak kontsumitzen duen elektrizitatearen %27 sortuko dela instalazio berriztagarri honekin.
92.500 €ko inbertsioa egingo dute, eta instalazioa azarorako martxan egotea aurreikusten dute.
Udalak esan duenaren arabera kiroldegia da energia gehien kontsumitzen duen udal instalakuntza, urtean 1.361.491 kWh erabiltzen baita bertan, herriko argiteria eta eraikin publikoetako kontsumo osoaren %37.
Kirol guneko sektorizazio osoa gauzatzeko proiektua ari da gauzatzen udala, elektrizitate eta gasaren erabilera espazioz espazio aztertu eta kontsumoa gutxitzeko neurri ezberdinak hartzeko. Eta, azpimarratu dute energia kontsumoa murrizteko egiten ari diren lanketez gain, erabiliko den elektrizitatearen zati handi bat ere era garbian sortuko dutela eguzki plaka hauekin.