Iraunkortasunaren aldeko jarrera, ezinbesteko gako
Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astearen barruan hainbat ekintza antolatu ditu udalak.
Espazio publiko partekatua lelopean egingo dute Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astea hilaren 16tik 22ra, eta Errenteriako Udalak bat egin du ekintza sorta antolatuta. Bihartik aurrera zabalik izango den erakusketa, bigarren eskuko bizikleta azoka, tailerrak, jolasak, eta bizikleta irteera bat ere ondu dute eta gutzietan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.
Cycling culture erakusketan txirrindulari handiak azaltzen dira, baita kirol horren nazioarteko hitzorduetako mendate mitikoak ere. Horrekin batera, bizikleta piezen berrerabilera erakusten duten hainbat adibide bildu dituzte bertara. Aldaketa sortzen programan 6 eta 12 urte arteko egindako bost eguzki zuhaitz ditu euskarri, eta udaletxeko arkupetan ikusi ahalko da bihartik hilaren 18ra arte 10:00etatik 13:00etara, eta astearte eta ostegunetan arratsaldez ere, 17:00etatik 19:00etara.
Bigarren eskuko bizikleten azoka egingo dute ostiralean —hilak 13— Zumardian. Informazio guztia hemen irakur daiteke. Eta egun horretarako gainera, tailerrak eta jolasak antolatu dituzte 6-12 urte arteko haurrei begira Agirre Lehendakariaren plazan, 17:00etatik 19:30era. Kate jolasa, trebetasun zirkuitua, eta bizikletarekin eta birziklapenarekin lotutako tailerrak ere egingo dituzte.
Larunbatean, berriz, bizikleta irteera antolatu dute. Fanderiako errota bisitatu ondoren, Arditurriko bidegorrian barrena 10 kilometroko ibilbidea proposatu dute, Oiartzun ibaiaren ertzeko errotak ezagutzeko. 11:00etatik 13:00etara izango da hori, eta aurrez izena eman behar da 690 72 02 64 edo 943 49 45 21 telefono zenbakietara deituta, edo turismo bulegoaren posta elektronikora idatzita.
Errenteriako Udalak garraiobide iraunkorren aldeko hautua egitera animatu ditu herritarrak: “Hirian ibilgailu pribatuaren erabilera irrazionalak osasun publikoarentzat zein ingurumenarentzat dituen ondorio kaltegarriez sentsibilizatu nahi ditugu herritarrak, eta garraiobide jasangarriagoak erabiltzearen onurak nabarmen jarri, hala nola garraio publikoa eta oinezko joan etorriak”.