Bilboko hilketa matxista gaitzetsi du Oiartzungo Udalak
Erailketa matxista salatzeko Oiartzungo mugimendu feministak elkarretaratzea deitu du biharko. 18:30ean Done Eztebe plazan izango da.
Euskal Herrian izandako azken hilketa matxista salatu du Oiartzungo Udalak: “Atzo gauean gizonezko batek 31 urteko bere bikotekidea erail zuen Bilboko Santutxu auzoan. 2003tik Euskal Herrian hil duten 122. emakumea da; 2024ko hirugarrena”, diote.
Eta, horrela jarraitu dute: “Oiartzungo Udalak hilketa matxista gogor gaitzetsi eta gizarte parekide baten alde lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi du”.
Era berean, erailketa matxista salatzeko Oiartzungo Feministen Asanbladak bihar (hilak 13) egingo duen elkarretaratzearekin bat egin du udalak. Done Eztebe plazan izango da, 18:30ean, eta herritarrak ere gonbidatu dituzte euren gaitzespena adieraztera.
Indarkeria matxista salatzeko puntu morea jarrita dago udaletxeko balkoian.