Bilboko hilketa matxista salatu du Pasaiako Udalak
Erailketa salatzeaz gain, senideei eta gertukoei elkartasuna adierazi die erakundeak.
Pasaiako Udalak irmoki gaitzetsi du Bilbon izandako azken erailketa matxista. Hilketa salatu eta emakumearen senideei zein gertukoei elkartasuna adierazi dio erakundeak. Bide batez, Euskal Herriko mugimendu feministak deitutako mobilizazioekin bat egin du.
“Gertakari hori dela eta, Pasaiako Udaletik publikoki eta aho batez adierazi nahi dugu emakumeen aurkako indarkeria gaitzesten dugula Horrelako gertaerak ez ditugu gure gizartean onartzen, eta erakunde, elkarte eta herritarrok lanean jarraituko dugu, indarkeria matxistarik gabe bizi gaitezen”, esan dute, ohar bidez.
Bart gauean izan zen hilketa matxista, Bilboko Santutxu auzoan. Ustez, haren bikotekidea da hiltzailea. Aurten indarkeria matxistak eraildako hirugarren emakumea da. 2003tik gaurdaino, 122 emakume eta 12 haur hil dituzte.