Lezoar izateak pribilegioak ditu. Hasi dira santakrutzak!
Gaur hasi eta astelehenera arteko festa aroan sartu dira lezoarrak, aurten bigarrenez. Biharkoa da festen egun handia.
Herri gutxi dira bi festa aro, bi jai patronal dituztenak. Horietako bat Lezo da. Eskualdean eta inguruko herrietan behintzat (Pasaia kenduta, haiek barrutika bizi dituztelako festak) ez da Lezoren parekorik; badira auzo askotan festak ospatzen dituzten herriak. Baina herri osoari dagozkionetan, Lezo txapeldun. Lezoar izateak pribilegioa du zentzu horretan, mendekosteak (maiatzean) eta santakrutzak haienak direlako. Arratsaldeko 19:00etan puntuan hasi dira 2o24ko Santakrutz Festak, herriko beste pribilegio edo ikur bat tarteko: Lezoko herria ereserkia, 1982an Tomas Garbizu handiak konposatua. June Gomez Ugalde eta Haizea Arrieta Aranburu alkate txikiek pregoia egin dute, esan dute urduri bai, baina pozez zoratzen zeudela herriko plana nagusia lezoarrez lepo ikusteagatik. Jaiak errespetuan, giro onean, jator eta alai ospatzeko eskatu dute, “eta beti egiten dugun bezala, euskaraz”. Suziria bota eta eztanda egin du orduan. Eskualde osoak jakin du Lezoko jaiak hasi direla.
Ondoren iritsi da Murixkako dantzariek Agurra, Tomas Garbizuko bandakoen eta Munttar txistulari taldekoen esku gelditu da herriaren ereserkia interpretatzearena. Horiek denak ere herriaren pribilegio, artista, sortzaile eta kulturari lotutako herritar askorena delako Lezo, eta hala azaldu dute gaurko festen hasierako ekitaldian ere bai. Lezoar izateagatik onuradun izan edo ez, lezoartasuna kalera ateratzeko egunak dira herrian, gaur hasi eta astelehenera arte. Festen aurkezpenean Mikel Arruti alkateak esan moduan, “gure herriko hizkuntza, kultura, balioak eta nortasuna sendotzeko” egunak dira. Betiere errespetuan, askatasunean, eta indarkeria matxistarik gabe.
Jaien hasierako ekitaldiaren ondoren buruhandi eta erraldoien kalejira hasi da, baina plazan gelditu direnek Holi festa baliatu dute gazteenek zikin-zikin jartzeko. Tira, festak dira. Etxean ez zieten purrustada handiegirik botako ortzadarreko kolorez etxera likits iritsi direnei.
Afaldu ondoren emozio indartsuak iritsiko dira: Ixkulin, Allerru, Tiñelu eta Altzate elkarteen danborradak herritik zehar 22:45etik, eta haien batuketaren emaitza Gurutze Santuaren plazan (23:45) santakrutzetako ekitaldirik jendetsuenetakoa denean. Gero, gerokoak, eta biharkoak: biharkoa baita Santakrutz Eguna, i-14 Eguna, handia izatez, izaeraz, eta parte hartzeaz. Hala izango da. Eguraldiak lagunduko du. Ia 60 jai ekitaldi dituzte aurretik lezoarrek, eta bisitariek.
Beheko irudi eta bideoekin, gaur arratsaldean txupinazoan bizitakoak ikusteko aukera:
Gaur (ostirala)
- 22:45. Allerru, Altzate, Ixkulin eta Tiñelu elkarteen danborradak hasiko dira.
- 23:45. Danborraden topaketa Gurutze Santuaren plazan.
- 01:30. Liatu Garete DJa Gurutze Santuaren plazan.
Bihar (larunbata)
- 10:00. Diana Munttarreko txistulariekin.
- 11:00. Haur jolasak, hondarrarekin, Karlos Saldise plazan.
- 12:00. Herri kirolak Gurutze Santuaren plazan: Laiane Pikabea, Oihana Barrena, Eneko Otaño eta Ibai Soro aizkoran, eta Inazio Perurena harria jasotzen.
- 12:00. Lezoko eta Txantreako buruhandi eta erraldoien kalejira Munttarreko txistulariekin.
- 12:00. Kuadrillen arteko probak Goiko Plazan.
- 12:30. Lezoko Dantzazaleen XIII. Muxiko Eguna, Oinkada taldearekin, Goiko Plazan.
- 12:30. I-14 egunaren topaketa Kale Nagusian, Txirbilla Sound Systemek girotuta.
- 14:00. Erretiratuen bazkaria.
- 14:30. I-14 eguna hasteko txupinazoa Gurutze Santuaren plazan. Jarraian, talde argazkia.
- 15:00. I-14ko herri bazkaria Lezo Herri Eskolako jolastoki estalian.
- 17:00. Denentzako puzgarriak eta Xaibor taldearen kontzertua Goiko plazan.
- 17:30. Josetxo Etxandi XLVIII. Oroitaldiko federatuen finalak Koldobike Gezala pilotalekuan.
- 18:00. Erraldoi eta buruhandien kalejira Munttarreko txistulariekin.
- 18:00. Lezo Herri Eskolatik abiatuta, kalejira Jaixkipe txarangarekin.
- 19:00. Anersote DJa Gurutze Santuaren plazan.
- 20:30 Lehian erromeria taldea Karlos Saldise plazan.
- 22:00. Zezensuzkoa Gurutze Santuaren plazan.
- 22:45. Kilometro Lezoren barruko dantza bertikal saioa, Santokristo elizaren paretan, Harrobi taldearekin: Geure(R)a.
- 23:30. Kaparrak taldea Karlos Saldise plazan.
- 01:00. DJ Fifi ta Fefa Karlos Saldise plazan.