Pasaiako Udal Euskaltegian matrikulatzeko aukera, zabalik
Hilaren 20ra arte apunta daitezke pasaitarrak. 'Euskaraz hartu hitza' leloarekin ekingo diote ikasturte berriari.
Euskara ikasi edota maila hobetzeko asmoa dutenak adi egon daitezela. Izan ere, Pasaiako Udal Euskaltegiak ikasturte berrirako matrikulazioa zabaldu du. Hilaren 20ra arte (ostirala da) apunta daitezke pasaitarrak. Laura Ré zinegotzia, Kontsuelo Gorostidi Udal Euskaltegiko arduraduna eta Ane Olkotz idazkari akademikoak ikasturte berriko aurkezpenean jakinarazi dutenez, aurtengo ikasturterako Euskaraz hartu hitza leloa aukeratu dute.
Udal Euskaltegiak A1 eta C1 bitarteko mailak eskainiko dizkie aurten ere 16 urtetik gorako herritarrei, askotariko talde eta ordutegietan, matrikulatzen direnei gehien komeni zaien ordutegia aukera dezakete. Talde gehienak egunean bi orduz ariko dira euskaltegian. Dena den, 12 urtetik beharko seme-alabak dituztenentzat, merkatarientzat, erretiratuentzat edota ahozko praktika landu nahi dutenentzat bestelako aukerak izango dira. Era beran, langabezian daudenentzako ohiko doako ikastaro trinkoak eskainiko dituzte aurten ere.
Eskolara egunero joaterik ez dutenentzat autoikaskuntza sistema bat izango da. Bakarka ariko dira ikasleak, tutore batek gidatuta. Bi astean behin tutoretza saioak egingo dituzte egindako lanak zuzendu eta zalantzak argitzeko.
Ikastaroekin batera, “ikasleak motibatzeko eta hizkuntza praktikatzeko aukera izan dezaten”, zenbait klase osagarri ere eskainiko dituztela aurreratu dute, hala nola, tailerrak, solasaldiak, bisitak, txangoak…
Diru laguntzak
Aurten ere diru laguntza lerro bat ireki du udalak. Hala, lanik ez duten pertsonek, ikasleek, 16-30 urte bitarteko gazteek eta hasierako mailetan matrikulatzen direnek matrikularen %20a ordaindu beharko dute bakarrik, hori bai, baldintza batzuk betetzen badituzte. Gainerako %80a udalak aurreratuko du eta asistentzia betetzen bada, ikastaroa bukatzean %20 hori ere itzuliko dute. Gainerako herritarrei, ikastaroa bukatu ondoren, ordaindu dutenaren %75a itzuliko diete, ikastaroa bukatzen badute, eta %85eko asistentzia izan badute. 12 urtetik beharko seme-alabak dituzten gurasoek tarifa murriztu bat izango dute, eta horiei ere matrikularen %100a itzuli diete.
Informazio gehiago jasotzeko euskaltegira jo daiteke zuzenean, edo bestela, helbide honetara idatz daiteke.