Trapu Zaharra taldearen 'Dale Ramón', Pasaian
Trintxerpeko Gudarien plazan izango da kale antzerki emanaldia, euskaraz. Ez da sarrerarik ordaindu beharko.
Pasaiako eta inguruko antzerki zaleek hitzordua dute datorren ostiralean (hilak 20) Trintxerpen. Trapu Zaharra taldeak Dale Ramón izeneko kale antzerkia eskainiko du Gudarien plazan. 19:00etan hasiko da emanaldia eta ez da sarrerarik ordaindu beharko. Santi Ugalde eta Sergio Arrospide aktoreek eskainiko dute, euskaraz.
Ugalde bera eta Oscar Tirol dira antzerki honen zuzendariak, eta Ruben Ontiverosek egin du gidoia.
Sinopsia: “Kolapso handia” da enpresa komertzial batek bere produktu izarra kaleratzeko duen aitzakia: standing altuko bunkerrak. Hori sustatzeko zuzeneko lehiaketa bat antolatuko du, probaleku eramangarri baten gainean. Lehiakideak hainbat proba egin beharko ditu hori lortzeko. Publikoak, “Idi-proba” batean bezala, zuzeneko apustua egingo du ekitaldi bakoitzaren inguruan. Lehiaketa iraingarriez ari gara, kataklismoez, antsiolitikoez…