San Juanek Eusko Labelera bideratu du branka; San Pedro, laugarren
Eusko Labelerako kanporaketan bigarren izan da San Juan, Aresen atzetik. San Pedrok, berriz, zail du mailari eustea biharkoan
Bigarren izan da San Juan gaur Bermeon, Eusko Label Ligako kanporaketako lehen estropadan. San Pedro, berriz, laugarrena. Beraz, arrosak bideratzen hasi dira gizonen arrauneko mailarik gorenean aritzeko aukera, eta moreek oso zail izango dute biharkoan gaur galdutako puntuak —eta konfiantza— iraultzea. Ares izan da gaurko irabazlea; San Juan segundo bakarrera sailkatu da bigarren izateko. Arrosen atzetik Santurtzi, San Pedro (Aresetik 54ra) eta Chapela. Arraro samarra izan da gaurko estropada, denbora tarte handiak, handiegiak izan dira ustez pareko ziren bost traineruen artean. Itsaso mugitua Bermeon, itsasorantz latz, porturantz bueltakoan olatuekin jolasean (ahal zenean) aritzeko.
Lehen hiru luzeetan Ares izan da nagusi, San Juani 8-10 segundo tarteak atera dizkio erlojupekoaren lehen hiru laurdenetan. Baina azken luze izugarri ona egin du Erreka-k, poparean hegan joan da helmugarantz. Horrek ekarri du luze bakarrean ia alde guztia kentzea Aresi; baina azkenean, segundo bat atzetik galiziarrekiko, eta bigarren.
San Pedrok pisutsu hasi du estropada. Lehenengo bi luzeetan azken postuarekin jolasean izan da. Baina apurka konfiantza eta berreskuratzen joan, eta asko hurbildu zaio hirugarren izan den Santurtziri azken luzean. Baina ezin. Pena hirugarren ez izatea, horrek amesten jarraitzeko aukera emango liokeelako moreei. Azkenean laugarren izan dira, eta zail dute biharkoan mailari eusteko borrokan hitza hartzea. Edonola ere, dena da posible arraunean. Horretan sinistu behar dute Libia trainerukoek.
Biharko 12:00etan hasiko da Eusko Labeleko kanporaketako bigarren eta azken estropada. Gaurko lehiak bi faborito jarri ditu oholtzaren gainean, Ares eta San Juan. Besteak urrun izan dira, denboretan bai behintzat. San Pedrok zauriak sendatu, eta biharkorako kasta eta indarra prestatu beharko ditu. Sanjuandarrek gaur lortutakoa berresteko lasaitasuna eta atsedena beharko dute; konfiantza badute.
Gaurko sailkapena
- 1. Ares, 21.35 (5 puntu)
- 2. San Juan 21.36 (4 puntu)
- 3. Santurtzi 22.24 (3 puntu)
- 4. San Pedro 22.29 (2 puntu)
- 5. Chapela 23.01 (puntu bat)