'Hona bostekoa!' komiki bilduma aurkeztuko du Iñaki Martiarenak
Martiarena, Eñaut Aiartzaguena, Unai Gaztelumendi, Aritz Ibarra eta Kotekok sortu dituzte komikiak. Hitzordua ostiralean izango da.
Bost lanekin osatu dute Hona bostekoa! komiki bilduma, eta ostiral honetan (hilak 20) aurkeztuko du Iñaki Martiarena Mattin ilustratzaileak.
Euskal Herriko kultur sorkuntza hauspotzeko jarri zuen martxan Udalbiltzak Geuretik Sortuak egitasmoa. Hainbat diziplinatako sortzaileek Euskal Herriko zenbait udaletan egonaldiak egiten dituzte, gero herri horietan girotutako euskarazko lanak sortu eta plazaratzeko. Aurtengo edizioan 39 udalerrik hartu dute parte; tartean, Oiartzunek.
Aurreko edizioan hiru diziplinak osatzen zuten egitasmoa: literatura, antzerkia eta zinema. Oraingoan komikia gehitu diote.
Emandako bekei esker Usurbil, Amasa-Billabona, Leitza, Berastegi, Bera, Lesaka, Sara, Urruña eta Bergaran egin dituzte egonaldiak Iñaki Martiarena Mattin, Eñaut Aiartzaguena, Unai Gaztelumendi, Aritz Ibarra eta Koteko komikigileek. Orain, egonaldi horietan entzundako istorioak komiki bihurtu dituzte.
Bildumaren aurkezpena 17:30ean izango da, pleno aretoan. Gainera, lan horiekin sortutako erakusketa ikusgai egongo da hilaren 20tik 27ra (pleno aretoan).