Gazte topalekuak urrian zabalduko ditu berriz ateak
Topalekuak urriaren 3an emango dio hasiera ikasturteari; Kuadrillategik, berriz, urriaren 4an. Bigarrenean eman daiteke izena jada.
Herriko gazteentzako topalekuak urriaren 3an hasiko du bigarren ikasturtea, Landetxen. Iaz jarri zuten martxan 12 eta 17 urte bitarteko nerabeen aisialdirako zerbitzu berria. Ostegunetan (17:00-20:00), ostiraletan (17:00-21:30) eta larunbatetan (17:00-21:00) egongo da irekita, eta hezitzaileek gazteekin batera antolatuko dute programazioa inklusioa, hezkidetza, genero-berdintasuna eta euskara ardatz hartuta.
Sarrera librea izango da, eta ekintza eta irteerako izen ematea bertan edo topalekuko sare sozialetan partekatuko duten online galdetegian egin ahal izango da.
Gainera, topalekuak eta Kuadrillategik espazioa partekatuko dute ostiral arratsaldeetan; DBH 1 eta 2. mailako ikasleentzat eskainiko dute Kuadrillategi (lehen mailakoentzat 17:00etatik 19:00etara eta bigarrenekoentzat 19:30etik 21:30era).
Urriaren 4an egingo dute Kuadrillategiko lehen saioa, baina dagoeneko zabaldu dute egitasmoan izena emateko epea (hilaren 30an amaituko da).