«Dantzan gorputza mugitzen dugu, baina baita energia ere»
Kolonbiako Movimiento Infinito Kolektiboak dantza emanaldia egingo du bihar Atlantikaldiaren barruan, Dantzaguneak Sortutakoak programarako aukeratuta.
Movimiento Infinito kolektiboko Anibal Andres Quiceno eta Carlos Cardosok emanaldia eskainiko dute bihar 20:00etan Itsasargi Nagusian Morgane Jirekin batera. Dantzaguneak, Sortutakoak programarako hautatu zituen bi kolonbiarrak.
Zer da Movimiento Infinito kolektiboa?
Carlos Cardoso: Anibal Quiceno da sortzailea. Gorputzaren joan-etorriarekin zerikusia duen mugimendu berezi bat deskubritu zuen, eta infinituaren ikurrarekin lotu. Anatomiara eta energiara eraman zuen kontzeptu hori; horren arabera, dantzatzen garenean gorputza mugitzen dugu, baina baita energia ere. Ezinbestekoa iruditzen zaigu bi aldagai hauetaz hitz egiten hastea, gorputza kontzeptu holistikoagoetara eramateko, finean ukitu eta eragingo digun zerbaitekin lotzeko.
Anibal Andres Quiceno: Bide horretan oso garrantzitsua izan da Carlos [Cardoso] bezalako kolaboratzaileekin bat egitea. Beste batzuk ere izan dira, Rafael Arturo Chitiva kasu. Une honetan Carlos eta biok ari gara, eta helburua, sorkuntzan harmonia aurkitzea da, hori gero buruaren eta gorputzaren arteko konexiora eramateko.
Dantzaguneak antolatutako Sortutakoak programarako hautatu zaituztete. Zer suposatu du horrek?
Quiceno: Zoragarria izan da. Halakoak laguntza handia dira, babes handia. Gure kasuan, kolonbiarrak izanik, bi kontinenteen arteko konexioa aurkitzea suposatu du gainera. Gure kolektiboan infinituaz hitz egiten ari gara, eta Sortutakoak, berriz, 11 zenbakiaz, Atlantikaldiak 11. ekitaldia duen bezala. Euskaraz, hamaikak, infinituarekin lotura handia dauka, batak bestearekin duen konexioaz mintzo da. Bete-betean dago lotuta guk lantzen dugunaren zentzuarekin.
Cardoso: Ikastera etorriak gara Euskal Herrira, Leioan ari naiz ni ikerkuntza eta sorkuntza masterra egiten, eta ezagutza akademikoaz gain, bertan emandako denbora gure ezagutza partekatzeko baliatu nahi genuen. Dantzagunearen berri izan genuen, eta bata bestearen atzetik heldu zen. Gauza askoren kointzidentzia izan da.
Zer suposatuko du Atlantikaldian parte hartzeak?
Quiceno: Dantzagunea, Atlantikaldia eta Carlosi esker beste bat izango naiz Kolonbiara itzulitakoan. Erabateko eraldaketa bat izan da, niretzat eta proiektuarentzat. Ikasketa handia izan da. Energia infinitua.
Cardoso: Ikaragarria da halako laguntzak izatea. Eta ikaragarria da espazio bakarrean hain ezberdinak diren bi kulturen arteko hurbilketa egiteko aukera izatea. Esker ona baino ezin dugu adierazi. Energia, antsietatea… Arte eszenikoetan lanean ari garenok jakin badakigu beti izango dugula urduritasuna, eta beharrezkoa da unean-unean gertatzen ari dena adierazteko, gainera. Zoriontasuna eta emozioa izango da nagusi halako jaialdi garrantzitsu baten barruan oholtza gainean aritzea. Gure kulturatik, kolonbiarrak gara gu, besoak zabalik hartu gaituen kulturari zer edo zer transmititzeko aukera izatea handia da.
Flower of life lana da sortu duzuena. Zer kontatu duzue?
Cardoso: Harremanez mintzo den duetoa da lana. Bizitzaren zuhaitza unitate bakar gisa ulertzen hasi, eta elkarrekin lanean ari diren 11, 1 eta 1 direla kontatzen du, hamaika gara elkarrekin komunikatzen. Harremanak ez direla errazak ere kontatzen du lanak, sorkuntza prozesu delikatuak direla, elkarrizketa beharrezkoa da, eta bide horretan kaosa eta ordenaz mintzo gara. Horrek guztiak armonian mugitzen den mundu batera eraman behar gaitu, bestearekin lan egin, bestea entzun, elkarrekin bizitzeko prest izan gaitezen.
Quiceno: Gauza bakarra gehituko nuke nik: dualtasunean pentsatzeari utzi eta banako, unitate bera gisa pentsatzen has gaitezen.
Zenbat denbora daramazue dantzan?
Quiceno: 18 urte. Hala ere, Kolonbian oso txikitatik hasten gara dantzan, festa guztietan egiten dugu dantza, denetarako. Esango nuke, beraz, dantzan jaioak garela.
Cardoso: Urte mordoa. Diziplina ezberdinetan aritu naiz ni aurretik. Dantza folklorikoarekin hasi nintzen, eta ballet garaikidera egin nuen jauzi.
Dantzaz bizi daiteke?
Quiceno: Bai ahal da bizi dantzaz. Nahiko genuke Sortutakoak proiektua bezalako laguntza gehiago izatea, baina bizi, bizi daiteke, beti ere, kontziente izanik honetaz bizi nahi duzula.
Cardoso: Esfortzu bat suposatzen du, noski, ikasketa eta lanbide guztiek eskatzen duten bezala. Artista izateak erakutsi digu ezinbestean beste arlo asko-askotan ezagutza izatea beharrezkoa dela, dantzari, kudeatzaile, sortzaile, proiektu garatzaile… izan behar dugulako.
Sortutakoak eta Atlantikaldiaren ostean zer?
Quiceno: Martxan jarraituko dugu, lan honekin eta beste batzuekin. Dantza eskolak ematen jarraituko dugu. Heziketa proiektu bat dugu Kolonbian, Bogota hiriburuan zehazki, eta maila guztietako jendearekin ari gara lanean bertan hasi hastapen maila dutenekin, eta segi goi mailan ari direnekin. Ni etzi, igandea, itzuliko naiz Kolonbiara.
Cardoso: Nik hilaren 27an aurkeztu behar dut master amaierako lana, eta orduan erabakiko dut itzuli edota hemen gelditu denbora gehiagoz.
Dantza erregistrorik gustukoena?
Cardoso: Dantza garaikidea. Ezberdin adierazteko aukera ematen dit, teknizismo oso zehatzera kateatu gabe mugimendua, eta zabaltasun hori gustatzen zait, eroso sentitzen naiz horretan.
Quiceno: Nik ere dantza garaikidea aukeratuko dut, bertan aritzen naiz gustuen. Azken aldian, baina, transzendentalago jartzen ari naiz: bizitza dantza bat dela pentsatzen dut, uneoro ari garela dantzan sentitzen dut. Norbaitekin hitz egiten dudanean, jai giroan nagoenean, eskolak ematen ari naizenean… dantzan ari naiz.
Zer da dantza zuentzat?
Cardoso: Dantza errespetua da. Eta horrek egiten dudana seriotasun osoz hartzera narama. Errespetua nire gorputzarekiko, bestearenarekiko, espazioarekiko. Errespetua eta zoriona da.
Quiceno: Gu baino handiagoa den zerbaitekin konektatzeko tresna da.
Atzo egin zuten lehen emanaldia Herriko Plazan eta ondoko irudiak bertan eginak dira.