Mineralak ikusteko bisita gidatua egingo du Arditurrik
Hilaren 29an (igandea) ibilaldi gidatua egingo dute Arditurriko parketxearen inguruan mineralak bilatzeko helburuarekin. Izena aurrez eman behar da.
Mineralen bila ibilaldi gidatua egingo dute Arditurrin hilaren 29an (igandea). Arditurri bi mila urtean meatzaritza gunea izan bada ere, antolatzaileek azaldu dute oraindik ere aurkitu daitezkeela meatzarientzat horren preziatuak izan ziren mineralak. Hain justu, hori izango da helburua: Aiako harria natura parkeko eremuan barrena, Arditurri meatzaritza gunean, meatzaritzak utzitako aztarnak ikustea eta ustiatutako mineralak topatzea. Hala ere, aurkitutako mineralak bertan utzi beharko dira.
10:00etan hasiko da bisita gidatua Arditurri parketxean, eta amaiera 12:00etan izatea aurreikusi dute. Elebiduna izango da jarduera, eta 12 urtetik beherakoek 4€ ordaindu beharko dute; 12 urtetik gorakoek, berriz, 6€.
Aldez aurretik izena ematea beharrezkoa izango da 943 49 42 48 edo 688 89 50 68 zenbakietara deituta, edo esteka honetara idatzita.