Euririk gabe, arrakastatsua izan da Erdi Aroko II. Jardunaldia
Lau egunean Erdi Aroa izan da nagusi Oiartzunen, Erdi Aroko II. Jardunaldiak ospatu baitituzte. Argazki eta bideo bidez jaso dugu giroa.
Ostegunetik igandera bitartean ospatu zuten Oiartzunen Erdi Aroko II. Jardunaldia, eta hasiera batean euriaren beldur baziren ere, ateri izan zuten herrian. Lau eguneko egitarau oparoa prestatu zuten antolatzaileek Erdi Aroko jardunaldietarako, eta jende ugari ibili da batetik bestera.
Ostegunean Iñaki Lopez de Luzuriagak eman zion hasiera jardunaldiari, baskoien historia ardatz zuen hitzaldi batekin. Erromatar inperioaren gainbeheratik hasita, etsai ezberdinen aurka baskoiek nola borrokatu zuten kontatu zuen Lopez de Luzuriagak, baita nola osatu zen 824an Iruñeko Erresuma ere.
Ostiralean, berriz, Entrebescant Ensemble taldea izan zen nagusi; narratzaile bat zegoen emanaldian Nafarroako Erresumaren istorioa kontatzen abesti ezberdinen artean. Garai ezberdinetako hiru gerlari ere agertu ziren oholtzan. “Jende asko bertaratu zen, eta oso eskertuta joan ziren musikariak”, diote antolatzaileek.
Larunbatean, berriz, antolakuntzaren urduritasuna joan eta lasaitasuna iritsi zen zortzietatik aurrera atertu zuenean. Muntatzaileek azken tanta batzuk sufritu zituzten, baina aurreikusia zegoen moduan, atertu egin zuen, eta aise jarraitu zuten egitaraua.
Goizeko hamarretan izan zen diana, eta ordurako prest zeuden azoka eta baita Txikien Erresuma ere. Ordubete geroago, Nikole Galardik pregoia eman zuen horretarako sortu zuten abesti batekin, eta eguerdiko hamabietan ipuin kontalariaren ordua iritsi zen. “Hamabi eta erdietan, ordea, bortizki, ipuin kontaketa moztu egin zen gerlariek lapur bat harrapatu zutelako eta esku bat moztu ziotelako “.
Ostean, Aialde kaletik iritsi ziren Orreagako garaileak, Eneko Aritza, beste buruzagi baskoiak, albokariak, gerlariak eta baita atxilotuak ere, eta udaletxe aurrean Niko Galardik, bigarrenez, azken albisteen berri eman zuen abestien bitartez.
Azkenik, arratsaldean, buruzagiak plazara atera ziren, eta ikusleek borrokaz gozatzeko aukera izan zuten. Gainera, buruzagi baskoien biltzarra egin zuten, eta bertan erabaki zen independentzia bermatzeko erresuma sortu beharra zegoela, eta orduan Eneko Aritza proposatu eta aukeratu zuten errege. Dantzarien laguntzaz Aritzak buruzagi guztiak agurtu zituen, eta ezpata dantzarekin batera buruzagiek errege moduan altxatu zuten berau.
Hots, bazegoen oraindik egitarauaz gozatzeko aukera; igandea. Jardunaldien azken egunean bigarrenez eman zuen kontzertua Entrebescant Ensemble taldeak udaletxeko pleno aretoan; Deserriko kantua emanaldia jo zuen taldeak. Kontzertu dinamiko batek eman zion hain zuzen jardunaldiari amaiera, eta noski, antolatzaileak “oso gustura” geratu ziren lau eguneko jardunarekin.