Barandiaran parkearen lanen hasierarekin "pozik" da PSE-EE
Lanak "12 urteko atzerapenarekin" heldu direla ere esan du, eta kezka azaldu aparkalekuaren egoerarekin.
Barandiaran parkearen lanak bihar hasiko dira, eta horren harira, “pozik” azaldu da alderdi sozialista, lanak “12 urteko atzerapenarekin” heldu direla gaineratu badu ere: “Hamarkada batez bete gabeko promesak egin ondoren, azkenean hasiko dira Barandiaran parkeko lanak. Atzerapen horrek ez du justifikaziorik”.
Parke berria egiteko, eremu horretan aparkaleku gisa erabiltzen zen eremua desagertzearen gaineko “kezka” ere azaldu du: “Urteak dira aparkalekuaren arazoari irtenbideak proposatzen, eta alternatibak bila daitezen eskatzen. Zoritxarrez ez diete jaramonik egin gure proposamenei. Errenteriako mugikortasuna eta aparkamenduen egoera kezkagarria da, eta parkearen lanek, egoera larriagotu baino ez dute egingo”.
Arazo horiek larriagoak direla Beraun, Galtzaraborda, Iztieta eta Kaputxinoetan esan du, “auzo horietako bizilagunentzat egoera jasangaitza bihurtzen ari da. Barandiarango leku galerari, udalerri guztiko kudeaketa txarra gaineratu behar zaio, ez baititu kudeaketa horrek herritarren benetako beharrak aintzat hartzen”.
Harago jo du alderdi sozialistak eta epe luzera irtenbiderik ez hartzea egotzi dio udal agintean den EH Bilduri, “ez ditu aparkaleku eremu berririk, disuasio-aparkalekurik, edota zerbitzu publikoa hobetu, aipatutako zonalde horietako presioa arintzeko”.
Aparkaleku berririk ez dela sortu esna badu ere, Barandiaran Parkearen lanak hasi aurretik Beraun kale hasieran zabaldu berri du aparkaleku eraikin berriak udalak. Aizpea Otaegi alkateak Barandiaran Parkearen lanen hasiera iragartzeko aste honetan bertan egindako agerraldian nabarmen jarri zuen, Barandiaran parkea izango denaren eremuan aparkatzen duten autoek bihartik aurrera, Beraun kaleko hasierako aparkaleku berrian aparkatu beharko dutela, “horretarako eraiki da hain zuzen ere aparkaleku eraikin hori, eremu hau guztia libre uzteko”, azaldu zuen Otaegik.
180 plaza ditu aparkaleku berriak: 66 plaza lau urterako alokairurako dira, beste 31 plaza, 50 urterako emakida bidezko aparkalekurako dira, eta gainerako 83 tokiak, txandakako aparkalekurako.