Biriatuko ordainlekua hainbat gauetan itxiko dute
Asfaltatze lanak egingo dituzte ordainlekuaren inguruan. Gauez itxiko dute, eta ezin izango da Gipuzkoatik Lapurdira (eta alderantziz) autobidetik pasa.
Hilaren 30ean, eta urriaren 7, 8, eta 9an Biriatuko ordainlekua itxita izanen da, 21:30etik 05:15ak arte. A-63 errepidearen arduradunek —Gipuzkoako A-8an Ipar Euskal Herriko jarraipena da— asfaltatze lanak egin behar dituzte ordainlekuaren zabalgunean, eta horiek bitartean hainbatetan errepidea itxi beharko dute lanak behar bezala egiteko. Beraz, egun eta ordu horietan ibilgailuek ezin izango dute Gipuzkoatik Lapurdirako bidea autobidetik egin. Hala jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Bada alternatiba. Baionarako norabidea hartu behar dutenek ordainlekua itxita izango den bitartean A-8ko 0 irteeratik (Irungo azkena, Irun N-121A irteera) ateraraziko dute, Zaisa aldera eta Behobiako pasabidera arte. Han D-810 errepidera bideratuko dituzte ibilgailuak, Donibane Lohizune-Urruña ordainlekura arte. Han, hala nahi dutenek, A-63 autobidera sartzeko aukera izango dute. Donostiarantz joan nahi dutenek, beraz, alderantzizko bidea egin beharko dute (Donibane Lohizune-Urruñatik A-63tik atera, D-810a hartu, eta Zaisa-Behobiaraino joan).
Aldundiak adierazi du beharrezko seinale sistema jarriko dutela ibilgailuen gidariek ezustekorik izan ez dezaten.