Isilpean bada ere, laguntza uholdea
Emergentziazko egoera izanik, Palestinako Gazatik zortzi haur eta lau emakume iritsi dira Oiartzunera laguntza medikua jasotzeko. Hotel batean daude, bizitza berrira egokitzen.
Leherketek, bonben burrunbek, ospitale eta eskolak bezalako oinarrizko azpiegituren kolapsoa eta suntsiketak, haien bizitzen etengabeko mehatxuak behartu zituen ihes egitera. Etxetik alde egin dute; hori, lau hormak zutik dituztenen kasuan. Egoera gogorra da Gazan urte luzez bizitzen ari direna, eta kaos guztiaren erdian txikientzako premiazko arreta medikuaren beharra funtsezko arrazoi bihurtu zen Gazatik alde egiteko. Larri zaurituta daude asko, hil egin dira milaka eta milaka, eta zauri fisikorik ez duenik baldin badago ere, shock egoeran daude denak. Ebakuntza kirurgikoak eta Gazako egoera larriaren ondorioz lortu ezin dituzten tratamenduak behar dituzte. Espainiako Gobernuak emergentziazko kasuak direlakoan Espainiako Estatura eta Euskal Herrira bideratu dituzte Gazan ezinegon batean bizi ziren hainbat familia, eta Oiartzunera ekarri dituzte batzuk. Herrian Olga Leibar Mendarte eta Iker Sarriegi Etxabe bezalako pertsonekin egin dute topo Palestinako zortzi haur eta lau emakumek.
Tokiko erakundeen eta laguntza taldeen ekimenei esker, familia horiek Oiartzunen aurkitu dute tratamendu medikua, beste bizileku bat bilatu bitartean egoteko toki bat, eta baita giza berotasuna ere, sufrimendu emozionala eta psikologikoa arintzen dituena. Euskal Herriko txoko hau arnasgune bihurtu da hamabi pertsona horientzat. Emakumeak eta haurrak dira, batik bat, Gazatik ihes egin eta leku seguru baten bila etorri direnak.
“Israelek nahi duelako eta Israelen erabakiz dago Palestina gerran. Gaza eta ahal duen guztia bereganatu nahi ditu Israelek. Horren ondorioz, gauza asko gertatu dira; urte asko daramatzate palestinarrek lurrak haienak direla aldarrikatzen, baina gero eta gutxiago dituzte, eta gero eta izugarrikeria handiagoak ari dira gertatzen. Ondorioz, gerra hasi, eta izugarrizko sarraskiak izan dira. Asko zauritu egin dituzte, beste mordo bat hil: emakume eta haur hauek gai humanitarioengatik Palestinatik, Gazatik atera dituzte. Oiartzunen hartu dute lur batzuk. Guk, haien berri izan, eta haiekin elkartu nahi izan dugu. Herrialde euskaldun bezala pentsatzen dugu; Palestina herri izatea nahi dugu, eta horregatik adierazten diegu elkartasuna. Lehenbailehen gerra hau gelditzeari ematen diogu garrantzia, eta horretarako lan egin behar du gobernuak, baina baita guk ere. Eta horretan ari gara, gure ale txikia jartzen Palestina aske baten alde”. Leibarren hitzak dira horiek. Palestinaren gaur egungo egoera nondik datorren azaldu nahi izan du. Atsekabetuta hitz egin du oiartzuarrak. Baita Sarriegik ere.
Zortzi haur eta lau heldu etorri ziren Oiartzunera duela bi aste, “etorri berriak dira”, dio Leibarrek. “Herriaren kanpoaldean dagoen hotel batetan daude”, gehitu du Sarriegik jarraian. Palestinari elkartasuna adierazten dion elkarte bateko kide da Iker Sarriegi, eta abokatua da ofizioz. Olga Leibar, berriz, El Watan elkarteko kide da. Bere burua aurkezteko eskatuta, hauek izan dira bere hitzak: “Pentsionista naiz duela urte batzuetatik, eta orain saltseatu egiten dut” [barre artean]. Bistan da herrian aski ezagunak direla biak ala biak, galderak erantzuten zituzten bitartean jende ugarik agurtu eta egin baitie kasu. Eta ez nolanahi, maitasun eta mimo handiz baizik.
Olga Leibar Mendarte, El Watan elkarteko kidea: “Ez dakigu zenbat denboraz egongo diren hemen, baina pausoz pauso jarraituko dugu”
Leibarrek hogei urte baino gehiago daramatza Sahararen aldeko elkartean, eta urtean zehar hainbat ekintza egiten dituztela kontatu du. Hots, herri mailan ere ekitaldiak antolatzen dituztenean, parte hartzen du, “elkartasunez”. Sarriegik, berriz, kontatu du Palestinarekin elkartasuna izeneko talde bat sortu zutela, eta jarduera batzuk egin zituztela herri mailan, Oiartzunen. Hala ere, telebistaren bidez izan zuten egoera horren berri: “Lehenengoz telebistan ikusi genuen, duela bi hilabete inguru, Gazatik familia batzuk atera zituztela eta Espainiako Estatutik zeudela banatuta; batzuk Andaluzian daude, Madrilen beste batzuk. Euskal Herriko ospitale batera ere ekarri dute beste talde bat. Beraz, talde hau etorri da tokatu egin zaielako”.
Oiartzun
Amesgaiztoaren barruan, lehen hartu-emana, ordea, ederra izan zen. Oiartzungo jaiak zirela kontatu du Sarriegik, eta Palestinarekin Elkartasuna taldekoek mahai bat jarri zutela txapekin, banderekin… Gazatarrek tutore edo hezitzaile sozial batzuk dituzte, eta haiek izan ziren herriko elkartasun iniziatibaren berri izan zutenak. Orduan, herrira jaistea erabaki zuten egoera baliatuz herria ezagutu eta bide batez, jaietatik buelta bat emateko. “Hor hasi zen lehen hartu-emana, abuztuaren 3an. Orduan ezagutu genuen elkar. Egoera ezberdinak elkartzen direnean gertatzen den gauza horietako bat da”. Leibarrek esan du abokatuak bazuela haren berri, elkartu ziren. “Biok prest gaudenez behar denean laguntzeko, bada, horretan hasi ginen”.
Gauza materialekin laguntzen dituzte palestinarrak, noski, baina askotan konpainia bera ere laguntza handia da haientzat: “Askotan laguntza hori izaten da haiekin kafetxo bat hartzea”.
Iker Sarriegi Etxabe, Palestinarekin elkartasuna elkarteko kidea: “Oiartzunen gera daitezela nahi dugu, hemen ongi egongo direlako”
Hasteko, herrian leku bat bilatzen lagundu zieten Leibarrek eta Sarriegik. Haien tutoreei eman zieten proposamenaren berri, eta hotela [ez dute zehaztu zein] gustatu egin zitzaienez, bertan dira. Egun batzuk igarota, ordea, harremana nolabait estutzen hasi, eta otordu baten bidez ezagutu zuten gehiago elkar. Bazkari bat egin zuten herriko elkarte batean, eta hitzordua prestatzeaz, antolatzeaz eta kozinatzeaz Leibar, Sarriegi eta konpainia arduratu ziren. Handik astebetera, ordea, rolak aldatu eta kontrako noranzkoan planteatu zuten bazkaria; oraingoan palestinarrak izan ziren elkarte berean bazkaria prestatu, antolatu eta kozinatu zutenak. Bi otorduetan 30 pertsona inguru elkartu ziren; hamabi palestinarrak, haien tutoreak beste hiru edo lau, eta hamabost herritar inguru.
Leibarrek xehetasun gehiago eman ditu: “Eusko Jaurlaritzaren eta Hezkuntza Sailaren bitartez daude, nolabait esatearren, Oiartzunen. Gu, funtsean, esku bat botatzeko prest gaudelako elkartu gara haiekin. Palestinatik etorri dira, Gazatik ihesi, familiako norbaitek arazo fisikoren bat edo antzeko zerbait duelako. Ez dira etorri besterik gabe. Atea oso gutxiri ireki diete, eta hauek dira gutxi horietako batzuk”.
Sare bat eraiki nahian
Herrian, Oiartzunen badaude ere, instituzioen menpe dago taldea, eta pertsona horiek herrian integratzea, komunitatean txertatzea, sare bat eraikitzea, laguntza ematea… dira elkartasunez jardunean ari direnen helburuak. Azken batean, bizitza era batera edo bestera erraztu nahi diete. Horrela dio Sarriegik: “Guk beste hanka hori landu nahi dugu. Esaterako, ea haurrek besteekin lotura egin eta jolasten duten. Pixkanaka horretan ari gara sakontzen, nahiz eta batzuetan hizkuntzarekin ez den bereziki erraza”.
El Watan elkartearen —Olga kide den elkartea— kasuan, kide saharar bat dago, eta arabiar hizkuntzan egin ditu berak ikasketak, beraz, Leibarren arabera elkar oso ondo ulertzen dute nork bere dialektoa edo hizkera izan arren. Denak dira gai hizkuntza horretan murgiltzeko, eta horrek lasaitasuna ematen die. “Gauza asko egin gabe, baina eginaz. Poliki-poliki. Galdetu diegu zer behar duten, erantzun digute, eta horiek bilatzen ari gara, baina betiere modu oso txikian. Ez dugu nahi modu masiboan aritzerik, gero zaila baita hori txikitzea. Denbora behar dugu. Hotelean daude, eta lekua bilatu behar zaie hemen bizitzeko. Jende honek ezin du hotelean bizi, eta horretan gabiltza”.
Sarriegi: “Ez dugu bat-batean dena eman nahi, eta gero hori gehiegi izatea”
Etengabeko ziurgabetasun gurpil zoroan murgilduta daude palestinarrak, baina, oraingoz behintzat, Oiartzun izango da haien etxea. Leibar eta Sarriegi horrela izan dadin saiatuko dira. Azkarregi joan gabe baina gelditu gabe. Horrela dabiltza oiartzuarrak lanean. Gauza puntualak ari dira lantzen; etxearena, kasu. Leibarrek dio ez dela ahaztu behar zein pertsona ari diren laguntzen, ezta zein behar dituzten ere. Pisu batean sartzen direnean egingo dituzte herri mailako deialdiak, eta zehaztuko dute zer den behar dutena. “Orain zabaltzen badugu deialdi bat herrian esanez arropa behar dutela, lau tona bilduko genituzke. Baina, lau tona ez dituzte behar. Ez dugu sartu nahi akumulazio zurrunbilo horretan”, Sarriegik. Horrek, ordea, ez du esan nahi geldirik daudenik. Emakume palestinarren kasuan, beren jantziak dituzte, eta horiek mantendu nahi dituzte, eta ari dira horretarako hariak mugitzen. Baina Leibarrek kontatu du izan zutela duela urte batzuk esperientzia herri mailako deialdiekin, eta elkartasun lerro bat eraikitzeak beldurra ematen diola. Izan ere, aldi batean Saharara bidaltzeko dirua behar zutenez, bigarren eskuko arroparen linea bat sortu zuten. Sekulako arrakasta izan zuten, baina arrakasta hori amesgaizto bihurtu zen gero. Saharara eramateko “balio ez zuen” arropa pilatu zitzaien, eta biltegiratu egin behar izan zuten nola edo hala. “Pentsatzen dut beste era batera egin behar dugula. Hamabi pertsona dira. Neurrian egin behar da”.
Oiartzunen daude gaur egun Palestinarrak. Haurrak hasi dira pixkanaka eskolara joaten, baina ez dakite nola egingo duen aurrera egoerak. “Gazakoa noiz konponduko da? Nora joango dira? Familia han daukate, baina momentuan behintzat hemen geldituko dira, eta momentua esan dezakegu luze samarra izango dela”, uste du Leibarrek.
Leibar: “Herrialde euskaldun bezala pentsatzen dugu; Palestina herri izatea nahi dugu”
Bide beretik jarraitu du Sarriegik: “Guk nahi diegu lagundu Oiartzunen geratzen, ulertzen dugulako hemen ondo egongo direla. Hanka bat den laguntza instituzionala badute, baina gure aldetik sare herritar bat aurkituko dute. Jendearen harrera oso ona izan da, borondatez egin nahi dituzte gauzak. Olgak esan duen moduan gauzak poliki egin nahi ditugu, pausoz pauso, gehiegi mozkortu gabe. Ez dugu bat-batean dena eman nahi eta gero gehiegi izatea”. “Gure kontsumoa etenik gabekoa da, eta ez dugu hori errepikatu nahi”, jarraitu du Olgak.
Egunean, egunekoa
Gauzak poliki eta egunean egunekoa egiteko erronka betean murgilduta daude. Gorputza Oiartzunen dute, baina bihotza eta burua, inolako zalantzarik gabe, Gazan. “Helduek nahiko lan dute egunero Gazara deitzearekin jakiteko haien senarrak edo seme-alabak ondo dauden”, plazaratu du El Watan elkarteko kideak. Shock egoeran daude helduak, baita haurrak ere. Gauza asko ikusi dituzte, eta barneratuta dituzte horiek. Haurrak eskolan hasi dira. Palestinarrak direla, eta hango eskolak bakarrik ezagutzen dituztela zehaztu du Leibarrek. “Adinez ere ez dira txiki-txikiak, beraz, oraindik ez dakigu zein zailtasunekin aurkituko diren, baina ziur asko topatuko dituztela”, gaineratu du El Watanekoak.
UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak urteko memoria argitaratzen du urtero. Erakundeak emandako datuen arabera, 2024ko apirilean 33.073 pertsona baino gehiago ziren Gazako Zerrendan eraildakoak 2023ko urriaren 7az geroztik. Horietatik %70 emakumeak eta haurrak ziren, eta datuen arabera, 12.000 pertsona baino gehiago daude hirietako etxe suntsituen hondakinen azpian. 75.668 zauritu baino gehiago daude. Hildakoak, gaurko egunez, 42.000 inguru dira.
Hori gutxi balitz, biztanleriaren %75 baino gehiago desplazatuta dago, Rafah-ra joan dira gehienak. Gerrak suntsitu egin du Gaza, eta ondorio sozial larriak, arazo fisikoak eta arazo mentalak gararazi ditu batez ere emakumeengan, haurrengan eta zaurgarrienengan.
Biolentziak, gutxienez, Gazako etxe guztien %62 kaltetu edo suntsitu ditu; osasun arloko instalazioen %84 txikituta daude, eta errepide nagusien %93 ere kaltetu edo desagerrarazi dute. Guztira, han 26 milioi tona hondakin daudela kalkulatzen da, eta urteak beharko dituzte dena berregituratzeko. Hori, inoiz, Israelen erasoak gelditzen badira. Etengabeko bonbardaketen eta erasoen arriskuaz gain, herritarrek goseteari, baldintza higieniko eskasei eta uraren gabeziari egin behar diete aurre. Edo, horretan saiatu behintzat.
Leibarren hitzetan, oso onuragarria da informazio hori guztia zabaltzea. “Jakinarazi behar da jarraituko dugula. Ez dakigu zenbat denboraz egongo diren hemen, baina pausoz pauso jarraituko dugu Palestinari herri bezala gure elkartasuna erakusten. Hau da elkartasuna erakusteko gure modua”. Herritarren batek Sarriegik eta Leibarrekin batera lagundu nahi badu, Olgarekin harremanetan jarri behar duela azaldu du Sarriegik, erdi txantxetan. Bandorik jarri gabe, baina etengabe ari baitira ekinean Leibar eta Sarriegi, alboan herritar multzo inplikatu, langile eta kontzientziatua dutela. Tragedia eta sufrimendu guztiaren erdian, hemen, Oiartzunen, Gazako familiek babesleku bat ez ezik, aldi baterako berotasun, itxaropen eta gizatasun zantzu bat aurkitu dute.