«Publikoak egin behar du hutsune horien lotura»
'Erreplika' izeneko dokumentala estreinatu berri du Donostiako Zinemaldian. Haren aita Juanmi Gutierrez zinemagile errenteriarraren heriotzak eragindako dolutik sortu du «hutsuneen inguruko» lan hori. Oso pozik da lehen emanaldiek izan duten harrera onarekin.
Memoria pertsonal zein kolektiboa egiteko irudiak nola erabiltzen diren hausnartu du azken lan honetan zinemagileak. Hiru mugarri edo hutsunetik tiraka sortu du, antzaz gutxi, baina haien artean harreman handia dutenak Gutierrezentzako.
Astelehenean izan zen estreinaldi handia. Zer moduz joan zen?
Primeran joan zen, oso-oso pozik gaude. Egia esan, beldur nintzen, eta ardura pixka bat ere banuen. Azkenean pelikula lehen aldiz aurkeztu geniolako publikoari, baita pelikulan parte hartu duen jendeari ere. Eta lan pixka bat berezia denez, egia da haiek kuriositate handia zeukatela, ea hainbeste denbora beraiekin egon eta gero zer aurkituko ote zuten, zer ikusiko zuten. Pelikula zeri buruz den esplikatzea ez da erraza. Grabatzen genuen bitartean esplikatzen saiatzen nintzen, baina noski, haiek nik uste ez zutela guztiz-guztiz ulertu eta kuriositate handia zuten ea zertan gorpuztuko zen egin dugun hau guztia. Eta oso-oso harrera ona izan genuen, egia esan, bai pelikulan parte hartu dutenen aldetik, baita ikusleen aldetik ere. Ezezagun asko etorri zitzaigun pelikula eta gero eskerrak ematera, benetan hunkituta, malkoak begietan zituztela. Oso gauza polita izan zen. Horrelako estreinaldietan ez naiz sartzen pelikulan, akats guztiak ikusten ari nintzen. Bukaerako solasaldia oso hunkigarria izan zen, eta hor bai erabat sartu nintzela. Egun oso berezia izan zen.
Nola jaso duzue, beste behin ere, Zinemaldian aukeratuta izatea?
Oso pozik. Guretzako Zinemaldian egotea etxean egotea da. Nire zine zaletasuna behintzat hein handi batean Donostiako zinemaldiagatik da. Ni hemen izaten nintzen, Kursaalean nerabe nintzenean, ilara egiten sarrerak erosteko. Gazte epaimahai bezala ere askotan ibili naiz. Eta noski, orain hemen estreinatzea oso polita da. Guretzako oso etxekoa da, gure dokumental guztiak esango nuke hemendik pasatu direla, eta aitaren [Juanmi Gutierrez] dokumental guztiak ere Zinemaldian izan dira. Oso gertukoa daukagun zerbait da.
Aipatu duzu filma berezia dela, eta esan izan duzu hutsuneak direla filmaren haria. Hiru istorio edo hutsune paralelotik dator ideia, ezta?
Hala da. Guri gustatzen zaigu esatea hutsuneei buruzko pelikula bat dela. Baina egia da kasualitatez aurkitu nituela hutsune horiek. Alde batetik, hutsune pertsonalago batetik abiatzen da, aita hil zenean nigan utzitako hutsune horretatik. Baina gero, aita hildakoan, bere pelikula zaharrak begiratzen hasi nintzen eta ezagutzen ez nuen pelikula bat aurkitu nuen. Zikuñagako Ama deitzen da, hutsune bat daukana erdian. Pelikularen erdian momentu batean irudia beltzera doa, eta ahots offean kontatzen da momentu horretan Guardia Zibilak joan zitzaizkiela eta grabatzen ari ziren pelikula bobina konfiskatu zietela. Orduan, irudi hauek ez ditugu. Irudirik gabe, ezin izan zuten zati hori erakutsi. Handik gutxira berriz itzultzen dira irudiak, normal jarraitzen du gero. Eta oso gauza bitxia egin zitzaidan. Pixkanaka Zikuñagako ama hori zer zen ikertzen hasi nintzen, eta deskubritu nuen lapurtua izan zela orain dela 45 urte, eta hutsune bat utzi zuela Hernanin. Hutsune hori, intimo eta pertsonala izan beharrean, kolektiboagoa da Hernanin eta Zikuñagako auzoan. Hortik abiatuta pelikula bat sor zitekeela pentsatzen hasi ginen, gauza anekdotiko intimo batetik harago doan gauza bat izan zitekeela. Horrela sortu zen.
«Ez zaigu gustatzen erantzunak eman eta gauzak nola diren esatea»
Nola lotu dituzu ustez loturarik ez duten hutsune edo istorio horiek?
Pluralean hitz egitea gustatzen zait, argi eta garbi pelikula hau kolektiboa baita. Gu [Zazpi T’erdi] kolektibo bat gara, eta beti horrela egiten dugu lan. Kasu honetan ere. Nigandik sortu delako nik sinatu dut lana, baina honetan ere kolektiboa izan da lan egiteko modua. Iñaki Sagastume, David Aguilar eta nire artean, hiruon artean, idatzi dugu gidoia eta muntaia ere denon artean egin dugu. Argi genuen hasieratik filmaren formak izan behar zuela berezia, ez genuela nahi ohiko dokumental bat egin, beste modu batean kontatu nahi genuela. Filma gauza oso intimo batetik hasten da, aitaren heriotzatik, eta pixkanaka adarrak sortzen zaizkio eta beste leku batzuetara zabaltzen doa, hitza ematen zaie Zikuñagako biztanleei, adibidez. Puzzle baten modura ideia ezberdinak elkartzen doaz, eta agian publikoak egin behar du hutsune horien lotura hori buruan, ideia horien guztien lotura.
Beraz, interpretaziorako lan bat da Erreplika.
Bai, oso lan irekia da. Guri ez zaigu gustatzen erantzunak ematea ez eta gauzak nola diren esatea. Gauza asko iradoki egiten ditugu, eta publikoak sortu behar ditu erantzun horiek buruan. Hori da asmoa.
Ama birjinaren hutsune horretaz zerbait berria jakin duzue?
Zurrumurru asko daude herrian. Gauza asko kontatzen dira. Eta jarraitu dugu zurrumurru horietako bakoitza. Jendeak esaten du: «Nik badaukat lagun bat eta berak esaten du badakiela non dagoen». Pista horiek jarraitu ditugu, baina ez dugu ezer deskubritu. Pelikula ez da ama birjina horren bilaketari buruzko pelikula bat, baizik eta asmoa da hausnarketa bat egitea irudiak memoria egiteko nola erabiltzen ditugun, eta irudi bat falta zaigunean zer gertatzen den jakiteko. Kasu honetan, hau. Sinestunei ama birjinaren irudia falta zaie errezatzeko orduan, baina hemen auzoan bertan ere sinestunak ez direnentzat ere oso garrantzitsua zen ama birjina, auzoaren kohesio eta nortasun sena baten sinbolo delako.
Hutsuneez ari garela, aurretik zenuen hutsuneren bat bete duzu lan honekin?
Pelikulan aipatzen dugu bizitzan zehar hutsuneak etortzen zaizkigula. Izan daiteke guraso baten heriotza, edo beste edozeinen falta, eta ikasi behar dugula hutsune horiek betetzen aurrera atera ahal izateko. Eta lanaren bukaera batez ere horri buruzkoa da, nola jarraitu behar dugun bizitzen hutsune horiekin. Hau agian inkontzienteagoa izan da prozesuan, baina bukaeran bai deskubritu dugula pelikula hau bera egitea nire hutsune pertsonal hori betetzeko modu bat izan dela, eta izan dela aitaren heriotzaren doluarekin bukatzeko modua. Lagun batek atzo aipatzen zidan berak zalantza handiak zituela pelikula ikusteko, senarra berriki hil zaiolako. Ikustera animatu nuen. Pelikula tristea eta malenkoniatsua izan daiteke hasiera batean, baina nire ustez oso itxaropentsua da amaiera. Oso optimista da alde horretatik.
2007an sortu zenuen Zazpi T’erdi ekoiztetxea. Zuk esan bezala, “gauzak beste modu batera kontatzera” etorri zineten.
Hala da. Iñaki Sagastume, David Aguilar eta ni neu gara Zazpi T’erdi. Zine berezi bat egiteko sortu genuen, hiruon irrika hori izan da hasieratik, historia gure erara kontatzeko. Badaude gauza batzuk industrian oso hedatuta daudenak eta oso ohikoak direnak, eta ez zaigu gustatzen lan egiteko modu hori. Adibidez, argi eta garbi industrian asko zatikatzen da. Gidoiaren fasea bukatu eta gero hasten dira errodajearekin. Errodajea oso konprimituta egiten dute, ahalik eta diru gutxien gastatzeko.
Guk ez dakigu horrela lan egiten. Gidoiak eta gauza asko prestatzen ditugu aurretik, baina gidoia eraldatzen doa filmaketan zehar ere. Epeak asko luzatzen ditugu, eta gero harilkatzen ditugu. Gidoia, errodajea eta muntaia aldi beran egiten ditugu gure filmetan. Hori egin dezakegu oso talde txikia dugulako. Lan honetan Arrate Rodriguez eta Maitane Carballo izan ditugu gurekin. Gure agendak konplikatuak dira, eta beti prest egon dira, oso eskuzabalak izan dira.
Euskal zinemak une gozoa bizi duela uste duzu?
Bai, baina hor bi gauza daude. Alde batetik, egia da une onean dagoela euskal zinema, duela urte batzuk ez genuke imajinatuko. Baina egia da ere, Donostiako Zinemaldian lau film luze daudela bakarrik euskaraz. Hogei euskal ekoizpen daude, baina lau bakarrik dira euskaraz. Tristea iruditzen zait hori. Euskal zinemak, euskal zinema izan behar badu, euskaraz behar du izan, hein handi batean behintzat bai. Hori indartu nahi badugu denok elkarrekin lan egin beharko genuke. Bai zuzendariek, ekoizleek, industriak, banatzaileek, zinema aretoek, Zinemaldiak… Indarrak batu behar ditugu.
«Zinemaldian euskal hogei filmetatik lau bakarrik dira euskaraz; tristea da hori»
Eta bestetik, zinemaren estandarizazioaren zera hori dago. Egia da plataforma desberdinak sortu zirenean hasieran ematen zuela eskura edukiko genituela zinema egiteko modu ezberdinak. Baina azkenean algoritmoaren kontu honekin eskura iristen zaizkigun pelikulak beti molde berekoak dira, oso zinema tradizionala da alde batetik, ikuspuntu oso berdinak erakusten dituzten pelikulak dira, eta pena da dagoen aniztasun hori ez edukitzea eskura. Egia da Interneten bilatuz irits zaitezkeela gauza oso bereziak aurkitzera, baina bilatu egin behar duzu, eta oso aktibo izan. Askotan eklipsatuta egoten dira lan txiki edo berritzaileagoak direnak.
Esan duzu txikitatik duzula pasio hau. Noiztik eta nola heldu zen zinema zurera?
Oso txikitatik. Badaukat anekdota polit bat. 7-8 urterekin aitak Juanba Berasategi zuzendari pasaitarren estudiora eraman ninduen, marrazki bizidunak nola egiten ziren ikustera. Juanbak dena erakutsi zidan, txundituta geratu nintzen. Ikaragarria iruditu zitzaidan. Nire zaletasuna egun horretatik dator. Gogoan dut handik itzuli eta berehala marrazkiak egiten eta kamerarekin argazkiak ateratzen hasi nintzela, bizia emateko haiei. Aitaren eskutik etorri zen mundu hau nigana, eta Juanbaren bitartez zabaldu.