Sasoi betean egoteko hamaika jarduera erretiratuen elkarteetan
Ikasturte berrirako ondu dituzten jardueren berri eman dute erretiratuen elkarteek.
Ez dira aspertuko. Ez behintzat erretiratuen elkarteek antolatutako jarduera aukera zabalarekin bat egiten duten jubilatuek. Atzo eman zuten ikasturte berrirako, antolatu duten eskaintza zabalaren berri Errenteria-Oreretako zortzi erretiratuen elkarteek Aizpea Otaegi alkatearekin eta Eñaut Gracia Gizarte Zerbitzuetako zinegotziarekin batera egindako agerraldian.
Elkarte horiek, Errenteria-Orereta “herri bizia” den erakusle garbia direla esan zuen Otaegik. San Agustin, Arramendipe, Bienvenido, Laguntasuna, El Parque, San Jose, Beti Bizkor eta La Magdalena elkarteek urteak daramate herriko erretiratu eta pentsiodunentzat kultura, kirol eta aisialdirako jarduerak eskaintzen.
Zortzi elkarteen artean, 3.000 bazkide dituzte, eta ondutako programazioarekin, gainera, horietara baino pertsona heldu gehiagorengana iristen dira, elkarteak sozializazio eta elkar topaketarako gune garrantzitsu bilakatuz. Jarduerak eskaintzen dituzte bertan, baina horrekin batera, hautatua ez den bakardadeari aurre egiteko espazio ere bilakatzen dira elkarte horiek.
Ehun jardueratik gora
Datorren astean abiatu eta 2025eko maiatzera arte antolatu duten programaziora 1000 jarduera baino gehiago bildu dituzte, eta horietan, 1534 pertsona inguruk hartuko dute parte. Eskaintzaren barruan, askotariko jarduerak: garapen kognitiboa, jarduera fisikoa, dantza, kultura, hizkuntzak eta askotariko tailerrak dira aukeran.
Jardueretan parte hartzeko izena eman behar da eta horren gaineko informazioa elkarteetan eskura daiteke, bai telefonoz, baita aurrez aurre ere.
Elkarte bakoitzak antolatutako tailerrak kontsultatzeko, klikatu hemen.