Trintxerpek futbol zelai berritua du
Futbola Andonaegiko zelaira bueltatuko da bihar, lehiarako prest da. Bisita egin dute gaur udaleko eta bertan aritzen diren klubetako ordezkariek.
Trintxerpeko Andonaegiko futbol zelaia partidak eta entrenamenduak jasotzeko prest da berriro. Belar berria du zelaiak jada, eta bihar (hilak 28) zabalduko dutela jakinarazi du Pasaiako Udalak. Zelaia berritzeaz gainera, futbol ate berriak erosi, aldagelak margotu eta instalazioetako sabaiak garbitu dituzte. Horrez gain, aurki sare perimetral berria jarriko du udalak, “baloiek bertatik ihes egin ez dezaten”. Kautxurik gabeko belarra jarri dute, udaleko iturrien arabera, “mikroplastikoak ekiditeko” asmoz.
Bertan izan dira gaur Iraitz Pazos Trintxerpeko alkateorde eta Zerbitzu, Sare eta Mantentze lanetako zinegotzia, Julen Rodriguez Kirol zinegotzia, Indarbizi 17 Futbol Klubeko Mari Luz Bermudez eta Sanpedrotarra Futbol Elkarteko Alex Jacob.
Lan hauekin “aspaldiko eskaerari” erantzun diotela esan du Rodriguezek: “Belarra zegoen moduan ezin genuen bermatu futbolarien jardun segurua. Ezinbestekoa zen azpiko belar zaharra kendu eta berria ipintzea”, esan du. Belar berri honekin “eraginkortasunaren aldeko urratsa” eman dutela gaineratu du Pazosek, “kautxurik gabeko aukeraren alde egin baitugu, eta hala, hondakin mikroplastikoak sortzea ekidingo dugulako”.
Kautxuaren ordez, kortxoa izango du zelai berriak, 2023/2055 EB Erregelamendu berriari “aurrea hartuz”. Izan ere, lege honek debekatu egiten du mikroplastikoak fabrikatzea eta merkaturatzea.
Epeak apur bat luzatu direla jakitun dira udalekoak, baina aipatu dute “udalarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik” izan dela atzerapena. Dena den, emaitza “bikaina” izan dela esan du gaurko bisitan Pazosek, “eta pozgarria da hori pasaitarrontzat, eta bereziki, trintxerpetarrontzat”. Rodriguezek zelaia erabiltzen duten taldeetako ordezkariak “asebeteta” ikusi dituela esan du, baina aitortu du oraindik inbertsio gehiago egingo dutela, “instalazioak egoera ezin hobean egon daitezen”.
Belar berri honek FIFA 2. B mailara arteko lehiaketetarako ezarritako baldintzak betetzen ditu. Hala, futbol 7rako eta futbol 11rako markak margotu dituzte, eta horrek “lurzorua hobeto aprobetxatzeko” aukera eman diela aipatu dute ordezkariek.
Guztira, 290.104 euro inbertsioa egin dute, horietatik 131.412 euro aldundiko funtsetatik jaso ditu udalak.
Gaurko bisita bukatzeko, alkateordeak laguntza eskatu die trintxerpetarrei eta “instalazioak garbi mantentzeko” eskaera egin die: “Funtsezkoa da denok edukiontziak erabiltzea. Gainera, ez dugu ahaztu behar Eusko Jaurlaritzaren legeak erabat debekatzen duela tabakoa edo nikotina aska dezaketen bestelako gailuak erabiltzea kirol instalazioetan”.
Infantilek estreinatuko dute
Bihar zelai berrian jokatuko den lehen partida infantil mailako CD Trintxerperana izango da. Internacional izango dute aurre trintxerpetarrek, 10:00etan hasiko den partidan.