Kirol erronka eta paella jatea Juneren Hegoak elkartearen egun handian
Juneren Hegoak elkarteak hilaren 11n eta 12an egingo du urteko jaia, eta 24 orduko kirol erronka eta paella jate solidarioa izango dira ekitaldi nagusiak. Jaiarekin jasotako diru guztia elkartearen familiak laguntzera bideratuko dute.
Juneren Hegoak elkarteak hilaren 11n eta 12an egingo du urteko jaia, eta 24 orduko kirol erronka eta paella jate solidarioa izango dira ekitaldi nagusiak. Atzo arratsaldean aurkeztu zuen egun handia izango duena Errenteria-Oreretako eragile horrek. Orain arte egun bakarrean egin duten festa, bi egunetan egingo dute aurten. Izan ere, 24 orduko kirol erronka egingo du Xabi Salillas hernaniarrak: “24 orduko triatloi estatiko non stop modukoa izango da Salillasek egingo duena”.
Hilaren 11n izango da horren hasiera, ostiralarekin, 19:00etan. Koldo Mitxelena ikastetxearen jolastoki estalian jarriko duten igerilekuan 8 orduz ariko da 50 urteko hernaniarra igerian. Ondoren, leku berean, beste zortzi ordu egingo ditu bizikleta estatikoaren pedalei eragiten, goizaldetik larunbat goizera, 03:00etatik 11:000etara. bukatzeko, Gernika Plazara lekualdatuko du Salinasek erronkaren agertokia, eta zintza batean martxa egingo du beste zortzi orduz, 11:00etatik 19:00etara.
Gogotsu azaldu zen kirolaria atzoko agerraldian Juneren Hegoak elkartearen alde egingo duen erronkarekin: “Beti ari naiz erronkekin pentsatzen, eta erabat asebetetzen nau Juneren Hegoak elkartearen gisakoen alde aritzea. Baliotsuena nire hankak dira, haiek ekarri naute honaino aurten. Konstantziaz aritzen naiz entrenatzen, eta alderdi mentala ere asko lantzen dut. Izan ere, ez da erraza izaten hainbeste orduz jarraian kirolean aritzea, zortzi ordutik behin diziplina aldatuta”. Erraza ez, baina dena prest du Salinasek, eta hala aitortu du: “Bartzelonako nire prestatzaileek dieta jarri didate erronkara egoki heltzeko, bihotz erritmoa urrunetik kontrolatuko didate, eta erronka osatzea dut helburu”.
Kirolaria erronka osatzen ari den bitartean, hainbat ekintza antolatu dituzte ariko den espazioetan. Hala, ostiralean (hilak 11) erronka hasteko unean zumba saioa antolatuko du, baita txokolate jatea ere.
Hurrengo egunean, kirol erronkarekin batera Gernika Plazara eramango dituzte jarduerak, eta bertan 11:00etan hasita, eskulanak, aurpegia margotzeko tailerra, buruhandi tailerra, puzgarriak, mahai tenisa, eta photocolla ere egingo dituzte Minion eta Pocoyo pertsonaiekin batera.
Paella jate solidarioa
Kirol erronkarekin batera, paella jate solidarioa izango da aurtengo jaiaren ekitaldi nagusia. Larunbatean (hilak 12) izango da 14:00etan. txartelak salgai dira jada 10 euroan Aker eta Kerala tabernetan. Magia ikuskizuna ere antolatu dute 16:00etan, eta 17:00etatik aurrera berriz, diskofestaren txanda izango da.
Urteroko dinamizatzaileak ez du hutsik egingo antolatzaileek jakinarazi dutenez, Luisma Laboak gidatuko du ekitaldia. Halaber, hainbat elkartek ere bat egingo dutela jaiarekin zehaztu dute, euren lanaren berri zabaldu eta produktu solidarioak saltzeko.
Juneren Hegoak elkarteak ekitaldian parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak. Jaiarekin jasotako diru guztia elkartearen familiak laguntzera bideratuko dute.
Juneren Hegoak elkartearen inspirazioa June Sanchez Tolaretxipi izan zen. 2013an hil zen haur minbiziak jota, bi urte zituela. Haren gurasoek eta lagun talde batek handik hilabete gutxira sortu zuten Juneren Hegoak elkartea. Ordutik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ahultasun egoeran dauden eta gaixotasunak, aniztasun funtzionala edo adingabeen dolua bizitzen ari diren familiak laguntzeko sare bat sortu du elkarteak, eta egoera zaurgarri horietan diren familiei laguntzeko aukera batzuk eskaintzen ditu.
Eratu zutenetik, 59 familia artatu ditu Juneren Hegoak elkarteak, 118 boluntario pasa dira antolaketatik, 86 ekitaldi egin ditu, eta 287.000 eurotik gora bideratu ditu bere jarduerara. 2020an gainera, onura publikoko izaera aitortu zion Eusko Jaurlaritzak elkarteari.
Juneren Hegoak elkartea lagundu nahi dutenek hauetako bideren bat erabil dezakete: Boluntario egin nahi dutenei, posta elektroniko helbide honetara idazteko eskatu diete; hilero euro baten trukez Teamer izateko berriz, hemen sakatu. Dohaintza egiteko aukera ere badago (horretarako klik egin hemen). Juneren Hegoak elkartearen laguntzaile izateko aukera ere eskaintzen du elkarteak.
Horretaz gain, Sabadell banketxeko ES81 0081 4254 46 0001112822 kontu korrontean egin daiteke ekarpena, baita Bizum bidez ere 03930 kodea erabilita, edota dohaintzak sailean Juneren Hegoak bilatuta.