Luzuriagako aparkalekuan erretako bi autoak erretiratu dituzte
Maiatzean kalte larriak jasan zituzten bi ibilgailuak kentzeko baimena jaso berri du udalak. Gaur goizean erretiratu dituzte.
Joan den maiatzean Antxoko Luzuriaga aparkalekuan aparkatuta zeuden zenbait ibilgailuk su hartu eta kalte larriak jasan zituzten. Horietako bi bertan egon dira geldirik gaur arte, baina dagoeneko bertatik erretiratu dituztela jakinarazi du udalak. Ibilgailu horiek “balizko delitu batekin” lotura izan zezaketelako izan dira geldirik, eta halako prozeduratan ezarritako epeak errespetatu behar izan dituela erakundeak horiek erretiratu ahal izateko. Mikel Garcia alkateordeak honakoa esan du: “Ulertzen dugu antxotarrek aparkaleku horien okupazio luzearen ondorioz adierazi duten kezka, eta haiekin bat egiten dugu. Hala ere, azpimarratu nahi dugu ibilgailu horiek ezin izan direla nahi bezain azkar kendu, ikerketaren izaeragatik, eta horrelako kasuetan ezinbesteko izapide administratibo batzuk egin behar direlako”, azaldu du.
Kalteak jasan zituzten bi ibilgailu horien jabeei behar bezala jakinarazteko legezko epeak errespetatu behar izan dira, izan ere, “epe eta formalitate zehatz-mehatz” betetzera derrigortzen du legeak, udalaren arabera, “eragindako ondasunak erretiratu edo horietan esku hartu aurretik”.
Alkateordeak erantsi du, “zorionez”, legezko baldintzak bete eta agintari judizialekin koordinatu ondoren, udalak ibilgailuak kentzeko oniritzia jaso duela. Gaur goizean kendu dituzte bi autoak eta okupatu dituzten bi plazak libre utzi dira berriro. Ibilgailuak kentzeaz gainera, ingurua garbitu eta egokitu dute.