Larunbatean inauguratuko dute Beloaga gaztelua
Egitura nagusia berreraiki, irisgarritasuna eta segurtasuna hobetu eta panel informatiboak jarri dituzte. Seinaleak ere markatu dituzte.
Beloaga gaztelua berreskuratzeko lanetan ibili dira azken urteetan Beloaga Bizirik elkartea eta udala, eta larunbatean (hilak 5) izango da inaugurazioa. Oiartzungo bailara bostehun bat urtez babestu zuen Erdi Aroko gazteluak, eta ondare historikoa balioan jarri nahi izan dute. Egitura nagusia berreraiki, irisgarritasuna eta segurtasuna hobetu eta herritarrei eta bisitariei gotorlekuaren historia ezagutzera emateko panel informatiboak ere jarri dituzte. Gainera, gaztelura, barrakoira, bunkerretara eta hilarrira iristeko seinaleak markatu dituzte.
Gurutzeko plazan elkartzeko deia egin dute 12:00etan, eta bertatik abiatuko dira gaztelura. Ekitaldia 12:30ean hasiko da, eta Beloaga Bizirik-eko Joxe Mari Iturriotzek gazteluaren historia kontatuko du han. Jose Etxezurietak Beloaga Bizirik elkartearen bidea azalduko du, eta udalaren izenean Ibon Mitxelenak hartuko du hitza.
Soinueneako kideek girotuko dute ekitaldia, eta goiza Bizardia elkartean egingo duten hamaiketakoarekin amaituko da.