'Azalera' erakusketa eta liburuak argia ikusiko dute
Ainara Lasak 'Azalera' erakusketaren inaugurazioa eta liburuaren aurkezpena egingo ditu gaur Ehuntze espazioan. Hilaren 23ra arte egongo da ikusgai erakusketa, astelehenetik larunbatera.
Beratarbide eta Lasa erakusketako pieza batzuen aurrean. Allende Arnaiz. Laugarrenez antolatu du Metrokoadroka kolektiboak Oiartzungo Ehuntze Sormen espazioan 21 aulki kultur iniziatiba, baina lehenago ere —duela zortzi urtetik— egin dituzte saio gehiago. Espazio txikiago batean kokatuta zegoen hasieran Idoia Beratarbide artista moduan eta baita Metrokoadroka kolektiboa ere, bertako kide baita. Hain zuzen, espazio falta horretatik dator iniziatiba izendatzen duen 21 aulki izena. “Espazioa oso txikia zen, eta literalki 21 pertsona sartzen ziren bertan, 21 aulkitan eserita”, kontatu du Beratarbidek.
Beste leku batzuetan erakutsi ezin zitezkeen gauzei lekua emateko asmoarekin sortu zuten topaketa, eta egitasmoaren hasieran literaturaren aldetik gehiago jotzen bazuten ere, arte plastikoek beti izan dute lekua. Beratarbideren arabera, egitasmoaren edizio bakoitza behar bat azaleratzeko edo ikusgarriago egiteko baliatu dute. “Hala ere, beti izan dute presentzia handia emakumeek eta emakumeen lanek”, nabarmendu du.
Herritar bezala Beratarbidek eta beste hainbatek ikusten zuten Oiartzunen bazegoela behar bat gauzak beste modu batera erakusteko. Sortzaile asko daude herrian, eta ideia horren bueltan hasi ziren hariak mugitzen, Metrokoadroka sortu zuten arte. “Oso garrantzitsua da lanekiko eta artistekiko zaintza, baita bidelagun izatea ere sortzen den horretan. Ez dugu nahi jendea etortzea, zerbait egin, sortu, eta ospa egitea. Sare bat erein nahi dugu urteen eta jendearen poderioz”. Ikasketak bukatu zituenean Beratarbideren ilusioa zen bere herrian erakusketa bat jartzea, baina ez zuen non jarri, “eta jarraitzen dugu ia 30 urte geroago berdin. Gauza gutxirekin egin daiteke; gainera jendearen ikusteko era eta erakusketaren kontzeptua aldatu egin dira”.
2023tik urtean bitan antolatzen dituzte jardunaldiak, artista baten arte erakusketaren bueltan: iazko ekitaldian Onintza Etxebeste Lirasen erakusketa izan zen ardatza; aurtengo udaberrian Allende Arnaizena; eta oraingoan, urrian, Ainara Lasa Perez artista plastikoaren Azalera eskultura erakusketa ikusteko aukera egongo da.
Artista eta kultur eragilea da Lasa, eta Metrokoadrokak eskaini dion aukerarekin pozik eta eskertuta agertu da. Hala ere, proposamenak bertigoa eman ziola aitortu du. “Aukera honen bidez hasi naiz buruan egosten nuen hori plastikoki sortzen. Gainera denbora mugatua nuen, eta nire buruari esan behar izan diot aurkeztera noan hori prozesu baten hasieran egin ditudan bozetoak direla, baina horri ere ematen diot balioa. Kontua ez da beti emaitza final bat egotea”.
Gaur inauguratuko da Lasaren erakusketa, eta hilaren 23ra arte egongo da ikusgai Ehuntze espazioan. Manuel Lekuona etorbideko 10. zenbakian dago.
Azalera
Argazkigintza esperimentalean murgilduta ibili da Azalera-ren sortzailea azken zazpi urtean. Beti izan ditu Ehuntze espazioko ateak irekita nahi zuen oro egiteko, baina lan plastiko hori burutzeko espazio bat ez izateak neurri batean mantendu du argazkigintzaren erregistroan. Hala ere, aspalditik zebilen materialekin lan egin nahian. “Behar nuen berriz horretara bueltatzea eta esparru digitaletik pixka bat aldentzea”.
Igeltsuarekin eta latexarekin egin du lan batez ere artista plastikoak piezak osatzeko garaian, eta gorputza dute lehengai. Zehaztu duenez ez dira moldeak, gorputz atal ezberdinen erreplika edo geruza batzuk baizik. “Gorpuztasunari begira jarri nahi nuen. Gizarte patriarkal honetan ez da berezkoa gorputzek duten esanahia; ematen zaien esanahi horiez janzten diren sistema batean gaude. Erabat binarioa da sistema, eta nik arrakala bat ireki nahi nuen, esperimentatu, eta gorpuztasun berriak sortu nahi nituen plastikoki”. Hamar pieza inguruk osatzen dute erakusketa, eta sortzailea bera Ehuntzen egongo da egun askotan inork erakusketa berarekin ikusi nahi balu.
Bestalde, proiektu honen testuinguruan Metrokoadrokak argitalpen proiektu berri bat jarri du martxan: Artemugarri. Allende Arnaizen erakusketan oinarritutako Birsortu artista liburua argitaratu dute sortzaileek, eta Ainara Lasa Perezen Azalera liburua izango da hurrengoa. “Liburuak erakusketan ikusiko ez dena kontatuko du. Prozesuan atera ditudan materialen argazkiak dira, baina momentu hori desagertu egin da beste zerbait bihurtu delako”.
Gaur (hilak 4, ostirala) izango dira erakusketaren inaugurazioa eta liburuaren aurkezpena, 18:30ean, Ehuntze espazioan. Hala ere, urrian zehar hainbat ekimen antolatu dituzte. Jarraian, egitarau osoa.
21 Aulki: Azalera.
- Erakusketa: urriaren 4tik 23ra. Astelehenetik ostiralera 17:00 – 19:30 eta larunbatetan 11:00 – 13:30.
- Urriak 4, ostirala: Erakusketaren Inaugurazioa eta liburuaren aurkezpena.
- Urriak 9, 10, 17 eta 23, 14:30: Bisita gidatuak eta Azalaren oihartzunak tailerra, LH4ko haurrekin.
- Urriak 11, 19:00: Azalerari bertsotan. Erakusketaren harira, Alaia Martin, Karmele Mitxelena, Iraitz Mateo eta Uxue Alberdi bertsolariak ariko dira.
- Urriak 13, 27, 17:00: Haur filosofia azalera. Oi(h)artzun Filosofikoa taldearekin elkarlanean, haurrentzako pentsamendua eta arte tailerra
