Abaraxka ludotekak hitzordu garrantzitsuen berri eman du
Hil honetan ate irekiak egingo dituzte ludotekan. Hortaz gain, gau beltza prestatzeko tailer ugari egingo dituzte.
Oiartzungo Udal Ludotekak datozen asteetan kontuan izan beharreko data garrantzitsuen berri eman du.
Hilaren 8tik 11era 16:30etik 19:30era arte Abaraxka ludotekako ateak zabalik izango dituzte herritarrek, bertan egiten denaren nondik norakoak ezagutzeko. Hilaren 7tik 14ra eta 21etik 28ra, berriz, familia eremua ezagutzeko ate irekiak egingo dituzte. Kasu honetan ere, 16:30etik 19:30era arte bisitatu ahal izango dira instalakuntzak. Hilaren 7an, gainera, guraso bilera egiteko probestuko dute aukera.
Hilaren 19an gau beltzeko mozorroa prestatzeko tailerra egingo dute. 16:30ean izango da hitzordua. Hilaren 25ean, 17:00etik aurrera, liburutegian, ipuin ilunak kontatuko dituzte eta 19:00etan beldurrezko film bat proiektatuko dute, topalekuan. Hurrengo egunean, 19:00etan, janari dastaketa beldurgarria egingo dute topalekuan. Hilaren 27an harrera saioa egingo dute, goizez, eta hilaren 29an zein 30ean gau beltzerako azken prestaketak egingo dituzte. Kalabazak hustutzeko tailerrak egingo dituzte, 17:00etatik aurrera, bi egunetan. Azkenik, hilaren 31n gau beltza ospatuko dute, ilunabarrean.
Gainera, Abaraxkan gau beltzaren harira ipuin eta abesti bat sortu dute. Hilaren 11n horiek saltzen izango dira Haurtzaron zein Elizalde eskolan. Aurkezpen ofiziala aldiz, hilaren 13an egingo dute Landetxen, 17:00etan. Sarrerak landetxeren webgunean aurki daitezke.