Udalerria etxebizitza tentsio handiko eremu izateko lanean ari da Lezoko Udala
Olatzarko babespeko etxebizitzak zozkatu dituzte gaur. Testuinguru horretan adierazi du Eneritz Arruti alkateordeak herria eremu tentsionatu izendatzeko lanean ari dela udala.
Gaur goizean egin dute Olatzar eremuko 57 etxebizitzen zozketa, 33 babes ofizialekoak eta beste 24ak tasatuak. Zortea izan dutenen pozak, eta etxebizitzarik egokitu ez zaienen dezepzioak bat egin dute Gezala Auditoriumean. Han izan da, udalaren ordezkari bezala, Eneritz Arruti alkateordea. “Lezoko Udalak egindako beste urratsa bat izan da hau merkatu librean etxebizitza bat erosteko zailtasunak dituztenei etxebizitza eskuratzeko aukera errazteko”, esan du. Olatzarrekoak, iaz Altzate Berri eremuan esleitu ziren beste hamaseiei gehitu behar zaiela nabarmendu du Arrutik, “beraz, 72 lezoarrek merkatu librean baino merkerago erosi ahal izango dituzte etxebizitzak. Hori pozteko modukoa da”. Zozketaren gainekoez gain, ordea, berritasun baten berri eman du: Lezoko Udala herria etxebizitzako tentsio handiko eremu izateko lanean ari da.
Izendapenarekin baikor da Arruti. “Eusko Jaurlaritzaren txostenen arabera, Lezok hori egiteko baldintzak betetzen ditu”, zehaztu du. Lezo udalerri tentsionatu izendatzeko beharrezko urratsak egiten ari da, beraz, udalerria, eta horri esker zuzenean esku hartu ahal izango da alokairuaren merkatuan, eta herritarrei irtenbide eskuragarriagoak eskaini ahal izango zaizkie udalak esan duenez. “Lanean ari gara, Errenteriako udalak orain gutxi lortu duen moduan, guk ere herri tentsio handiko eremu izendapena lortzeko”.
Herria tentsio handiko eremu izendatzeko prozesuak aurrera jarraitzen duen bitartean, zinegotziak nabarmendu du udala etxebizitza plan bat prestatzen ari dela, “datozen 3 urteetan etxebizitza eskuratzeko eskubideari modu integral eta iraunkorrean aurre egiteko. Beraz, zozketa hau, udala etxebizitzaren krisiaren aurkako borrokan lantzen ari den ekintzetako bat baino ez da”.