Jaiotzen inguruko doluan babesa adierazteko, argazkia
Haurdunaldiko, erdiondoko eta jaioberrien heriotzen dolua ikusgai egiteko mundu eguna da hilaren 15ekoa. Argazkirako deia egin dute Aitziber Araolazak eta Maddalen Iriondok.
Goizaldean hasi zen kontrakzioekin, erditze prozesuan, eta ospitalera joan ziren. Monitorizatu egin zuten, eta taupadarik ez zegoela esan zieten. Behin eta berriz saiatu ziren, baina ez zuten lortzen taupada bilatzerik. Orduan, ekografia bat egin behar ziotela esan zioten. “Ez genuen pentsatzen ezer txarrik gertatuko zenik”. Ginekologo bat etorri zen jarraian, eta behin eta berriro begiratzen zuen; “une horretan konturatu nintzen zerbait ari zela gertatzen”. Aiur gaizki zegoela hasi ziren pentsatzen, eta azkenean esan zieten entzun nahi ez zutena: Aiur hilda dago. “Aiurrengatik zerbait egiten saiatzeko esaten nuen behin eta berriz, baina ezin zela esaten zidaten, nire ongizateari begiratu behar geniola, eta erditze natural bat izaten saiatuko ginela. Gela jendez beteta zegoen, baina oso bakarrik sentitzen nintzen”.
Aitziber Araolazak Aiur, bigarren semea galdu zuen, eta asteartean (hilak 15) Haurdunaldiko, Erdiondoko eta Jaioberrien Heriotzen Dolua Ikusgai Egiteko Mundu Eguna egingo den horretan, egoera berdinean dauden edo inoiz egoera hori bizi izan duten familiei babesa erakutsi nahi die. Gauzak horrela, herri mailako argazki bat ateratzeko deia egin dute Araolazak eta Maddalen Iriondok. Egun horretan bertan izango da argazkia, 18:00etan, Oiartzungo plazan. Gainera, udaletxean puxika arrosa eta urdinak jarriko dituzte, heriotza mota horren koloreak baitira.
Espainiako Estatuko datuei erreparatuz gero, jaiotza inguruan —haurdunaldiko 22. astetik hasita, jaiotza osteko 28. egunera arte— 2.500 haurtxo hiltzen dira urtean, urteko egun bakoitzeko sei. Munduan, ordea, 23 milioi dira urtero hiltzen diren haurtxoak; 44 minutuero, eta lau haurdunalditik batean gertatzen da. Datu horiek ez dituzte kontutan hartzen haurdunaldiko lehen asteetako galerak, haurdunaldi eteteak ezta jaioberrien heriotzak ere.
Hutsunea dago gizartean
Espero den haur bat galtzea, etxean leku bat prestatu zaion gizaki txiki bat hiltzea esperientzia traumatiko bat izaten da. Mingarria da prozesua, haur batentzat sortutako espazioak hutsik gelditzen baitira. Lau erditze izan ditu Araozalak, eta Aiurrena izan da goxoena, “jaso zuten babes guztiagatik”.
Aiur jaio eta ordu batzuetara joan ziren etxera Araolaza eta Alex, senarra. Manex semea zuten zain, bi urte eta erdiko haurra. “Manex familiarekin etorri zen ospitalera, baina erabaki genuen bertan ezer ez kontatzea. Gero, etxean hirurok goxo geundela azaldu genion Aiur hil egin zela, eta ezin genuela etxera ekarri”.
Araolazak kontatu duenez, zortea izan du etxekoekin, lagunekin… Goxo aritu zirela kontatu du, Aiurri bere lekua emanaz, baina oraindik gizartean hutsune bat badagoela sumatzen du: “Hasieran ez nuen kalera atera nahi. Jendeak esaten zizkidan ‘lasai, gaztea zara’; ‘izango duzu beste bat’; ‘hobe orain ez zenuela ezagutzen eta ez jaio ondoren’ eta antzekoak”, baina andre batek behin esan zionak zeharo markatu zuen oiartzuarra: ‘Jesus neska, gauza okerragoak gertatzen dira’.
Gizarteak ezkutatu egiten ditu haur horien heriotzak, baina amek, aitek, familiek, min horrekin bizi behar dute, eta nola edo hala egin behar diote aurre esperientzia horrek sortutako beldur eta min guztiari. Dolu prozesua ezberdina da denentzat; ez dago sekreturik, baina norberak sendatzen laguntzen dion hori aurkitu behar du egunak arinagoak izan daitezen. Horrela, josketarekin egin zuen topo, eta hari eta jostorratz artean murgilduta zebilela Esku Hutsik elkartearen berri izan zuen.
Hego Euskal Herriko haurdunaldiko, jaiotza inguruko eta jaioberrien heriotzen dolu elkartea da Esku Hutsik, eta askotariko ekintzak burutzen dituzte, hala nola dolu kafeak eta topaketak. Araolazak jakin zuen elkartea boluntario bila zebilela azoka bat egiteko, eta eskuz egindako materiala behar zutela. “Elkarteko kide egiteko momentua zela ikusi nuen, eta azokarako material batzuk prestatu nituen. Esku Hutsik bezalako elkarteek lan handia egiten dute. Gizarteak ez du beti laguntzen; gero eta gehiago bai, baina beti ez. Elkarte hauek ordea, lan izugarria egiten dute”.
Araolaza eta Iriondorentzat egun garrantzitsua da asteartekoa, haien haurrak ikusarazteko eta hor daudela adierazteko balio baitu. Argi dute oraindik tabu bat dela gaia, eta gizartean ez dagoela barneratuta; horren adibide da Araolazari oraindik ere hiru haur dituela esaten diotela. “Hala ere espero dugu hemendik urte batzuetara gizartean gai hau normalizatuta egotea eta sentsibilizazio egun hauek egin behar ez izatea. Hori da helburua, baina gaur-gaurkoz badu garrantzia, gure haurrei lekua ematen zaien egun bat baita”.
Ildo beretik, dolu prozesuan norbere denborak errespetatzearen garrantzia nabarmendu dute. “Ez daude bakarrik; sentitzen dutena eta behar dutena adierazi behar dute. Horretarako daude Esku Hutsik bezalako elkarteak”.