Mugimendu feministak gaurko deitu duen elkarretaratzearekin bat egin du udalak
Iruñeko hilketa matxistaren harira aho batez adostutako adierazpen instituzionala egin du Errenteriako Udalak.
Errenteriako Udalak talde politiko guztiek adostutako adierazpen instituzionala egin du Iruñeko hilketa matxistaren harira. Emakumearen erailketa salatu, eta mugimendu feministak gaur arratsalderako deitu duen elkarretaratzearekin bat egin du udalak.
“Gaitzespena” azaldu du udalak adierazpen horretan, eta eraso matxista guztien aurrean “zero tolerantzia” azaldu: “Horrelako gertaerak ez ditugu gure jendartean onartzen, eta erakunde gisara lanean jarraituko dugu emakumeok indarkeria matxistarik gabe bizi gaitezen”. Horrekin lotuta, herritarrak, “eta bereziki gizonak” euren jokabide eta jarrerei arretaz erreparatzera deitu ditu udalak, eta edonolako erasoen aurrean jarrera aktiboz jokatzera.
Elkartasuna helarazi dio udalak, bestalde, emakumearen familiari, eta herritar guztiak deitu gaur arratsalderako mugimendu feministak deitu duen elkarretaratzearekin b at egin dezaten. Elkarretaratzea 19:00etan izango da Niessen merkatalgunearen aurrean.