Musikak Euskal Herria eta Islandia lotuko ditu igandean
Albaola Itsas Kultur Faktoriak Hazibegi jaialdiari emateko kontzertua jasoko du igandean. Bi herrialdeen arteko lotura historikoa balioan jarriko dute.
Euskal Herriaren eta Islandiaren arteko historia aberatsa aztertzeko jardunaldi berezi bat abiatuko dute bihar (hilak 12) Baionan, Zientziaren Jaiaren barruan: Haizebegi jaialdia. Pasaiak ere jaialdi honen barruko emanaldi berezi bat jasoko du, igandean (hilak 13). Bi herrialdeen arteko lotura historikoari “balioa emateko” asmoz, historia eta musika uztartuko dituen emanaldi baten agertoki izango da San Pedroko Albaola Itsas Kultur Faktoria etzi.
Pasaian emango diote itxiera Haizebegi jaialdiari. 16:45ean zabalduko dituzte ateak, eta saioa 17:00etan izango da, bisita gidatu batekin abiatuko dute. 17:30ean Jon Gudmundsson Laerdiren Benetako kontakizuna Islandiako euskal baleazaleen sarraskiari buruz (1574-1648) lana aurkeztuko dute. Albaolako iturrien arabera, gertakari horrek “euskal-islandiar harremanaren atalik tragikoenetako bat berpizten du”.
18:30ean, Omorrumu bamat izeneko kontzertua izango da, txalaparta anplifikatua, elektronika eta ahotsa uztartuz, Ibon RH eta Enrike Hurtado artisten eskutik. 19:00etan, txalapartari buruzko kontzertu eta hitzaldi bat izango dira. Victor Shepardson ikertzaileak instrumentu honek musika garaikidean dituen aukera berriak aztertuko ditu, ingelesez.
Iganderako sarrerak lotura honetan eskura daitezke.
