Sortu, garatu eta jokatu, euskaraz
Bideojoko sortzaile euskaldunak batzeko zein elkar ezagutzeko aukera izango dute datorren asteburuan egingo duten Euskal Game Jam topaketan. Bi eguneko epean, joko bat sortu, garatu eta argitaratu beharko dute euskaraz.
Hurrengo asteburuan (hilaren 18tik 20ra) Errenteria-Orereta berrikuntzaren eta sormenaren epizentro izango da, euskal bideojokoen sortzaileen bigarren topaketa hartuko baitu herriak: Euskal Game Jam. Lehiari baino, erronka handi bati egin behar izango diote aurre partaideek: 48 orduan euskarazko bideojoko bat sortu beharko dute osorik, hasi eta buka.
Asteburu zirraragarria izango delaren zalantzarik ez dute antolatzaileek. Zomorro Studiok, Game Erauntsia Elkarteak, Torrekua guneak eta Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategiak indarrak batu eta Euskal Game Jam topaketaren bigarren ekitaldia herrira ekartzea erabaki dute aurten. Iazkoa Bilbon izan zen, eta izandako arrakastak bultzatu ditu bigarren urtez jarraian antolatzera.
Partaideek euren abileziak agerian utziko dituzte. Amateurrak eta profesionalak. Denak elkartuko dira bigarren ekitaldi honetan, oraingo honetan, agertoki berezi batean: Badalab laborategian. Galaz jantzi eta egun handirako atondu dute dagoeneko Joxepa Antoni Aranberri anitzeneko goiko solairua. Sorkuntzaz eta dibertimenduz beteriko asteburu luzea dator herrian.
Game Erauntsia elkarteko Lander Unzueta bigarren topaketarako irrikaz da; horren zuzendaria da. Iazkoak izandako harrerak bultzatu ditu bigarren bat antolatzera, eta Gipuzkoara ekarri nahi izan dute aurtengoa. «Iazkoa arrakastatsua izan zen, 32 bideojoko sortzaile elkartu ziren, eta guztira, 15 joko aurkeztu ziren».
Unzuetak azaldu du behar batetik sortu zutela iaz Euskal Game Jamen lehen ekitaldia. Aipatu du euskal sortzaileek bideojokoen kultura garaikidean gero eta garrantzia handiagoa dutela, horien kopuruak gora egin duela nabarmenki azken urteetan. «Euskal Herrian gero eta bideojoko garatzaile gehiago daudela ikusten ari gara. Baina egia da gehienak banatuta aritzen direla, ez dutela elkar ezagutzen». Horregatik topaketa hori antolatzea otu zitzaien, Unzuetaren hitzetan, «elkartu, euren gaitasunak ezagutarazi nahiz elkarrengandik ikasteko espazio» bat sortzeko asmotan.
Euskal garatzaileen artean gaur egun «indar handia» dagoela nabarmendu nahi izan du zuzendariak, «baina pixka bat sustatzea falta» dela dio, «bultzada bat ematea». Horretara etorri da Euskal Game Jam, geratzeko asmo eta indarrarekin. «Ikusita hemen dugun indarra, uste dugu aukera dagoela estudio handiak sortzeko, hasi dira zentro berriak zabaltzen. Industria nahiko handi bat dago, baina benetako forma eman behar zaio orain. Oinarriak baditugu eta euskal bideojokoek etorkizuna badute, ziur. Apurka-apurka goaz», erantsi du zuzendariak.
Badalabetik mundura
Iaz sortutako espazio hori Badalabera eramango badute ere, munduko edozein puntutik ere parte hartzeko aukera izango dute hala nahi duten euskaldunek. Online ere aurtengo erronka egin daitekeela jakinarazi dute antolatzaileek, 48 ordu horietan etxetik edo haien bulegoetatik zuzenean aritzeko aukera izango da. «Iaz Estatu Batuetatik eta Kanadatik aritu ziren bi talde, eta espero dugu aurten ere euskal diasporatik jendea animatzea». Discord izeneko plataforma baliatuko dute horretarako.
Baina, zertan datza zehazki erronkak? Orotara 48 ordu izango dituzte partaideek nahi bezala kudeatuz, sorkuntza prozesua, garapena eta publikazioa egiteko. «Epe horretan ezin duzu bideojoko handi bat sortu, baina 48 orduan ideia oso interesgarriak atera daitezke». Gai bat planteatuko diete erronka hasi aurretik, «irekia», Unzuetaren arabera. Proiektuan agertuko diren testurak, modeloak, soinuak eta abar norberak sortutakoak edo lizentzia askekoak izan beharko dira.
Hilaren 18ko 18:00etan sorkuntza prozesuari hasiera emango diote, eta 20ko 18:00etan joko guztiak erabiltzaileen gailuetan deskargatzeko prest egon beharko dira. itch.io plataforman argitaratu beharko dira guztiak.
Astebete eskas falta bada ere, erronkan oraindik izena emateko aukera dagoela jakinarazi dute antolatzaileek. Hala nahi dutenek webgune honetara jo beharko dute. Doakoa izango da parte hartzea eta 18 urtetik gorako herritarrek soilik ahalko dute parte hartu. Bakarka zein taldeka aritzeko aukera dago. Taldeak gehienez bost lagunekoak beharko dute izan.
Garatzaileak protagonista nagusiak izango badira ere, gainerako herritarrei ere ateak zabalik da bigarren topaketa hori. «Iaz profesionalak izan genituen, baita ikasleak eta sekula honetan ibili ez direnak ere. Sorkuntza prozesuan lagungarri izan ziren artistak eta musikariak ere izan ziren, besteak beste».
Erronka bukatu bezain pronto, partaideen artean bozketa egingo dute, eta horren ondoren, sortutako joko guztiak deskargatzeko eta jokatzeko aukera emango diote publikoari. «Feedback-a berehalakoa izango da, hurrengo asteburuan bideojokoen zaleek paper hori jokatuko dute topaketan: epaileena, lehen eskukoa», erantsi du Unzuetak.
Desafioa 48 ordura mugatuko badute ere, topaketatik kanpo proiektuarekin jarraitzeko aukera dagoela gaineratu du Game Erauntsia elkarteko zuzendariak: «Topaketan sortutako jokoarekin jarraitu ala ez erabaki dezakete taldeek. Iaz parte hartu zuen taldetxo batek lehenengo Euskal Game Jam-ean sortutako jokoa profesionalki kaleratzeko asmoa du aurki. Aurten ere gauza oso interesgarriak aterako dira, ziur».
10 urtez eragiten
Bideojokoen mundua ez dela oso euskalduna aitortu du, atsekabez, Unzuetak. Baina itxaropentsu da, horrelako topaketak egoerari bira emateko baliagarriak izan daitezkeelakoan. «Lehen, orain dela 10 urte, ez zegoen bideojokogintza ikasteko zentrorik, baina gaur egun handitzen ari da hori. Lehen askok atzerrira joan behar izaten zuten lana bilatzeko, eta hori pixkanaka aldatzen ari da. Joko txiki baina oso politak ari dira sortzen. Bilakaera bat ikusi dugu azken urteetan, bereziki kopuruan. Orain dela 10-20 urte hezkuntzari bideratutako bideojokoak ziren nagusi, baina azkenaldian entretenimenduari begirako joko asko eta oso onak sortu dira Euskal Herrian».
Game Erauntsia elkarteak hamarkada oso bat bete du jada euskal bideojokoen mundua sustatu, batu eta saretzen. «Jokalarien ikuspuntutik hasi ginen, ez zegoelako lekurik euskaraz jokatzeko. Askotan zaleak foroetan eta horrelakoetan biltzen dira eta euskaldun asko gaztelaniaz egitera behartuta zeuden». Jokalariak saretzen hasi ziren eta pixkanaka euren zeregina zabaltzen hasi ziren.
Elkartearen bigarren pausoa jokoak euskaratzen hastea izan zela dio Unzuetak. «Super Barrio Bros 2 Izarra aurreko astean euskaraz kaleratu genuen». Hortik txapelketatara egin zuten salto, eta orain garatzaileen munduan buru-belarri dabiltza. «Euskal garatzaile askok gaztelaniaz egiten dute lan, eta euskaldun garatzaileetan eragiten saiatzen ari gara, euskarazko jokoak atera ditzatela animatuz. Laguntza ere eskaintzen diegu».
Zuzeneko streaming-en munduan ere eragiten aritu da elkartea hamarkada honetan, haur, nerabe eta gaztetxoek euskal erreferenteak izan ditzaten. Bideojokoetan zuzenean aritzen diren streamer euskaldunen sare bat osatzen ibili direla kontatu du. «Twitch plataforman, adibidez, hizkuntzaren arabera aukeratzen dira streamer-ak, filtro bidez. Hor euskara falta da, eta hori apur bat aldatzeko topaketa bat hasi genuen. Hizkuntza aldatzeko kontu horretan ez genuen arrakasta handirik izan, baina komunitatetxo bat sortzen hasi ginen. Gaur egun hainbat dabiltza Youtube-n zein Twitch-en euskarazko zuzenekoak egiten bideojokoetan aritzen diren bitartean». Besteak beste, AntuKun, ArruarteTB, Ekitaein edo ElurTxubi dira sare horren barruan aritzen direnak, dagoeneko askoren erreferente bilakatu direnak. «Komunitate oso polita osatzen ari gara. Bira ematen ari gara egoerari, eta denen artean etorriko da aldaketa. Horri bultzada ematea tokatzen da. Erakustea bideojokoetan ere euskaraz ari gaitezkeela, bai jokatzen eta baita garatzen ere. Gure helburuetako bat hori ere bada», erantsi du.
Garatzaileak jasotzeko prest
Joxepa Antoni Aranberri anitzeneko hirugarren solairua garatzaileak jasotzeko ia prest da, hurrengo asteburuko protagonistek hasi dute atzera kontaketa. Bertan zuzendari lanak egiten dituen Goiatz Oiartzabal harro bezain pozik da ekitaldia jasotzeagatik. «Ilusio handia egiten digu topaketa honek. Guretzat ateak zabaltzeko modu bat da, jendeak ikus dezan zer garen eta euskararen normalizazioan zer egin dezakegun», esan du.
Izan ere, laborategia zabaldu zutenetik (2021ean), euskara gizarteko esparru guztietan erabiltzen dela bermatzeko lan egiten dute laborategian. «Galderak probokatzen saiatzen gara, eta ezohiko lankidetzak sustatzen eta horien zerbitzura espazioak, tresnak eta esperientziak jartzen. Guretzako Badalab eremu publiko bat ere bada, hortaz, eragileen zerbitzura gaude».
Horrelako ekitaldi bat jasotzeko espazio aldetik Badalab «egokia» dela uste du Oiartzabalek: «Baliabide guztiak ditugu hemen. Goiko solairuan espazio handi bat egongo da, mahaiekin eta sorkuntzarako baliabideekin. Lotarako espazioa ere izango du eremuak. Terraza eta sukaldea ere zabalik izango dira garatzaileentzako». Horrez gain, dutxatzeko aukera ere bermatuko diete partaide guztiei.
Oiartzabal ziur da asteburu emankorra izango dela: «Asteburu oso polita datorkigu, mugitua. Ziur gaude proiektu oso interesgarriak aterako direla topaketa honetatik. Guretik eta guretzat sortutako jokoak izango dira. Gauza oso txiki batetik jende askorengana irits gaitezke gainera».
Topaketaren informazio eta xehetasun guztiak kontsultatzeko, webgune honetara jo daiteke.