Bukatu dituzte Antxoko etorkizuneko topo geltokiaren hondeaketa lanak
ETSk bukatu ditu Gure Zumardia plazaren azpian egongo den geltokiaren indusketa lanak. 2026an zabaltzea aurreikusi dute.
Pasai Antxoko etorkizuneko topo geltokiko obrak bide onean doaz, Euskal Trenbide Sareak (ETS) bukatutzat eman ditu lurpeko etorkizuneko geltokia izango denaren indusketa lanak. Obrak bisitatu dituzte gaur Jaurlaritzako, ETSko eta udaleko ordezkariek, bertatik bertara proiektuaren egoera ikusi ahal izan dute. Susana Garcia Chueca sailburuak, Miguel Angel Paez Azpiegitura eta Garraio sailburuordeak, Antonio Lopez ETSKo zuzendari nagusiak eta Teo Alberro alkateak agerraldia eskaini dute geltoki berria izango denaren eremuan.
Egun, etorkizuneko geltokiaren hainbat egitura egiten hasi dira, besteak beste, terminala egituratuko duten kontragangaren hormigoi porotsua eta sarbide arrapalaren egitura. Molinaoko errekastoaren desbideraketa eta berrazarpena egiteko lanak ere bukatutzat eman dituztela jakinarazi dute gaurko bisitan.
Etorkizuneko geltokia Gure Zumardia kalearen ondoko plazaren azpian egongo da. Geltokirako sarbidea Eskalantegi kalean izango du, eta igogailua plazan bertan (elizaren ondoan) jarriko dute. Larrialdiko irteera Hamarretxea kelaren inguruan egongo da. Eskailerak atari bakarrera iritsiko dira, eta beratatik sartuko dira herritarrak. Bi nasak igogailu bidez egongo dira konektatuta, atari komun batekin.
Altza eta Pasaia arteko tunelari dagokionez, “erabat zulatuta” dagoela jakinarazi dute gaur, eta erasoko galeriaren eta Altzako lotunearen arteko eta estaldura bukatuta dagoela. Gaur egun estaldura orga Pasaia galeriarantz mugitzen ari dira, eremu horretan estaldura lanekin jarraitzeko. Aurki hasiko dira kanalizazio lanekin.
Beste aldera, hau da, Errenteria-Oreretako noranzkoan, 360 metro zulatu dira jada, eta 400 bat metro falta dira Pasaiako geltokira iristeko. Altza eta Galtzaraborda arteko bi kilometroko tarte hori eraiki ondoren, bukatutzat emango dute 2016ko irailean topoa Herreratik Altzaraino eraman zuen trenbide bikoitzeko saihesbidea. “Horrela, tren batzuk errebotatu egiten duten Altzako zaku hondoarekin bukatuko da, eta igarobide bihurtuko da. Martxan jartzearekin batera, topoak 7,5 minutuz behingo maiztasunak eskaini ahal izango dizkie Pasaiako eta Galtzarabordako erabiltzaileei”, azaldu du Chuecak.
Pasaiarentzat “gako”
Etorkizuneko geltokia eta hilabete hauetan egindako obrak barne hartu dituen proiektua barrutiarentzat eta herriarentzat “gako” direla esan du Alberrok: “Antxoko gainazaletik aldaketak minimoa diruditen arren, lurpeko aurrerapena etengabea eta irmoa dela ikusi dugu gaur berriro. Ikusi ahal izango dugu geltoki berriaren indusketa amaituta dagoela. Eta horrek gertuago jartzen gaitu gure herriaren helburu garrantzitsuenetako bat lortzetik: ez soilik, pasaiako mugikortasuna hobetzea, baizik eta gaur egun bereizten gaituzten espazioak eraldatu eta herri bizigarriago bat sortzea”, esan du.
Gure Zumardiak etorkizunean izango duen itxura diseinatzeko udalak abiatu duen parte hartze prozesua gogorarazi du alkateak, “Antxo irisgarriago, atseginago eta ibilerraza” izatea bilatuko duena. “Antxo bateratuago bat izango dugu. Aukera paregabea izango da gure barrutiaren bihotza eraldatzeko eta guztiontzako ingurune atseginagoa sortzeko”. Antxotarrek jasandako eragozpenengatik barkamena eta eskerrak bidali dizkie alkateak, eta honakoa esan nahi izan die: “Gaur lanen aurrerapena bertatik bertara ikusita ziur gaude ahalegin honek mereziko duela”.
Epeen inguruan galdetu ondoren, sailburuak azaldu du, aurreikuspenen arabera, “obra zibila 2025 bukaeran bukatuko dutela”, eta hortaz, etorkizuneko geltokia eta azpiegitura berri guztiak 2026rako prest eta erabilgarri izango direla.
Jarraian, gaurko bisitan HITZAk ateratako irudi batzuk: