Pasaiako LGTBI+ pertsonen errealitatearen argazki bat aterako dute
Komunitateko kideen iritziak eta bizipenak jasotzeko parte hartze prozesu bat abiatu berri du udalak. Anonimoki erantzun daitekeen formulario bat zintzilikatu dute.
Pasaiako Udalak beste parte hartze prozesu bat abiatu du. Herriko LGTBI+ komunitatearen errealitatea ezagutu nahi du erakundeak, eta horretarako bizipenak biltzen hasiko da, prozesu parte hartzaile baten bidez.
Atzoko agerraldian Laura Ré Berdintasun zinegotziak esan zuen “premiazkoa” zela kolektibo honi begira jartzea, “jakin badakigulako komunitate aberatsa dugula Pasaian, baina udala ez delako orain arte jarri euren ahotsak entzun eta beharrak aztertzen”, esan du. Zinegotziak aipatu du azken urteetan LGTBI+ mugimenduaren eta mugimendu feministaren ekintzek “kolektibo askoren behar eta aldarrikapenak ikusgarri” egin dituztela, “agenda politikoan protagonismo handiagoa lortuz”. Dena den, oraindik ere “urrats gehiago” egin behar direla uste du zinegotziak.
Testuinguru horretan erabaki dute prozesu berri honi ekitea. Eihara kooperatiba izango dute bidelagun, eta asmo nagusia “Pasaian LGTBI+ errealitateak jasotzeko eta kolektibo honen bizi baldintza duinak bermatzeko neurriak diseinatzeko prozesu bat abian jartzea” izango da.
Eihara kooperatibako arduradun Iñi Etxezarretak egitasmoaren helburuak azaldu zituen atzoko agerraldian. Komunitateak “pairatzen dituen indarkeria fisiko eta sinbolikoak aztertu eta identifikatu” nahi dituztela esan zuen, “eta LGTBI+ pertsonek bizi dituzten korapiloak, muga nagusiak, aldarriak eta behar zehatzak ezagutu”. Finean, kolektiboaren “argazki eta irakurketa zehatz bat egiteko” probestu nahi dute parte hartze prozesu hau, “komunitateko kideen arteko harremanak eta sarea sustatzeko eta LGTBI+ pertsonen bizi baldintzak hobetuko dituzten ekintzak diseinatzeko”, besteak beste.
Horretarako, Rék erantsi du “LGTBI+ politikak sistematizatu eta udalaren esparru guztietan gai horiek zeharkakotasunez txertatzea funtsezkoa” izango dela. Ildo horretan, zinegotziak aipatu du udalaren eta kolektiboaren arteko elkarrizketa “bultzatzea” ere badutela helburu, eta tartean, “LGTBI+ Mahai eratzea”.
Urtebetez luzatuko dute diagnostikoa eta datorren urtean aurkeztuko dituzte emaitzak eta ondorioak. Aurkezpen publiko bat egingo dute horretarako, eta sozializaziorako euskarri bat sortuko dute.
Kolektiboko kideei haien iritziak eta bizipenak bidaltzeko deia egin diete, formulario honen bidez. Anonimoki erantzun daiteke.