Oarsoaldea eta Bidasoko bost euskal presori eragingo die 7/2014 legearen erreformak
Preso horien artetik, bost dira Oarso Bidasokoak: Oiartzungo Joanes Larretxeari, Lezoko Lorentxo Aiestarani, Errenteria-Oreretako Aitzol Gogorzari, Pasai Antxoko Balbino Saenzi, eta Irungo Iratxe Sorzabali eragingo die lege erreformak.
7/2014 legearen erreforma Espainiako Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratzeko prest da. Horren arabera, euskal presoei ezartzen zitzaien salbuespen politikaren legeetako bat indargabetuko dute.
Europako Batasunako kide diren estatuek ezarri beharreko zuzentarau baten harira heldu da erreforma hori. 2008koa da Europaren zuzentaraua, eta 2014an ezarri zuen Espainak baina PPk neurriak euskal presoengan eraginik izan ez zezan xedapen gehigarri bat ezarri zuen. 2010eko abuztuaren 15aren ostean ezarritako zigorrei baino ez zien eragingo horren arabera neurriak. Xedapen gehigarri hori bertan behera gelditu da orain onartutako erreformarekin, eta 2010 urtea baino lehenago ezarritako zigorrei ezarri ahalko zaio batura hori.
Horrenbestez, normatiba berriak Europako Batasuneko beste herrialdeetan betetako espetxe zigorrak batzea ahalbidetuko du, eta Sare Herritarrak jakinarazi duenez, 52 euskal presori eragingo die; zazpiri urtea bukatu aurretik eragin ere.
Preso horien artetik, Oarso Bidasokoak Onintza Ostolaza abokatu oiartzuarrak HITZAri azaldu dionez. Oiartzungo Joanes Larretxeari, Lezoko Lorentxo Aiestarani, Errenteria-Oreretako Aitzol Gogorzari—espetxealdi arindu egoeran dago zigorra etxean betetzen gaixotasun larri eta sendaezina duelako—, Pasai Antxoko Balbino Saenzi, eta Irungo Iratxe Sorzabali eragiten die bete-betean.
Erreforma ezartzeak ez du suposatzen zigorren murrizketarik, argi azaldu du hori Ostolazak, “zigorra Europako zein estatuan bete den alde batera utzita, betetzen hasitako lehen egunetik kontatzea suposatzen du. Ezarritako zigorra beraz, osorik beteko dute. Aurretik ez ziren kontuan hartzen adibidez Frantziako espetxeetan egindako espetxe urteak, eta Espainiara estraditatuta zerotik hasten zen zigor kontaketa, aintza hartu gabe Frantzian edota beste Europako Batasunaren barruko estatuetan egindakoak”.
Sare Herritarrak “atzerapen handiarekin” badator ere, “positiboki” baloratu du erreforma, eta aurrera urratsa suposatu duela aitortuta lanean jarraitzera deitu du, ” 7/2003 LO da indargabetu behar den beste lege bat; besteak beste bizitza osorako espetxe zigorra betetzera eramaten dituelako presoak, 40 urteko espetxealdia egiaztatzeko baldintza tarteko”.